Gizartea -
Kristau Eskola - AICE
Itunpeko hezkuntzako hitzarmena indarrean dagoela ebatzi du Justiziak
Beste bat sinatu arte, 2008-2009rako adostutako hitzarmena indarrean egon behar dela ebatzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Beraz, ezingo dute Estatu mailako hitzarmena ezarri.
Erredakzioa
EAEko itunpeko hezkuntzan 2008-2009rako sinatutako lan-hitzarmena indarrean jarraitzen duela ebatzi du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta, ondorioz, ezingo dute Estatu mailako hitzarmena ezarri.
Astearte honetan kaleratutako ebazpen batean, EAEANk dio EAEko hitzarmenean ''espresuki'' jasotzen dela hitzarmen hori indarrean egongo dela horren ordezko bat sinatu arte. Erabaki horrekin, beraz, ELA, CCOO, LAB, UGT eta STEE-EILAS sindikatuek Kristau Eskolaren eta AICE elkartearen patronalen kontra jarritako demanda kolektiboaren alde egin du Justiziak.
Lan-erreformaren ondorioz, ultraktibitatea bukatu eta hitzarmena indarrik gabe geratuko zela iragarri zieten langileei joan den uztailean ikastetxe horietako arduradunek. Ondorioz, Estatu mailako hitzarmenera jotzea zuten asmoa. Erabaki horren kontra auzitegietara jo zuten sindikatuek.
Negoziazioari berriz ekitea eskatu dute sindikatuek
Epairen berri jakin ondoren, hitzarmenaren negoziazioei berriz ekitea eskatu diote sindikatuek patronalari.
Horrela, ELAk ''Estatu mailako hitzarmena berehala albo batera uztea'', EAEkoa ''osotasunean'' aplikatzea eta negoziazioei berriz ekitea eskatu die.
LABek, bestalde, irtenbidea bilatu behar dela azpimarratu du, eta ''benetako negoziazioa'' abiatu. ''Ez dugu inolako inposaketarik onartzen; negoziazio kolektiboa da akordioak lortzeko bidea'', gaineratu du.
CCOO Irakaskuntza sindikatuak, bestalde, epaia ''arrakasta'' eta ''sektoreko sindikatu guztiek elkarrekin egindako lanaren ondorio'' dela azpimarratu du.
Lanuzteak eta grebak
Adostutakoari eustea eta hitzarmen berria negoziatzea eskatzeko, hainbat lanuzte eta greba egin dituzte itunpeko irakaskuntzan azken hilabeteotan, eta abenduaren 3rako eta 4rako bi greba deituak dituzte