Gizartea -
Alerta horia
Alerta laranja euriagatik ostegunetik aurrera
Segurtasun Sailak Bizkaian eta Gipuzkoan abisu horia aktibatu du euriagatik eta elurragatik. Elur-kota 600 metro inguruan kokatuko da gaur iluntzerako.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak euriagatik abisu horia aktibatu du Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur abisu horri elurrarena gehituko zaio, elur-kota Euskal Autonomia Erkidegoko barnealdean 600 metroraino jaitsi baitaiteke.
Segurtasun Sailaren arabera, 24 ordutan metro koadroko 60 litro bota dezake isurialde atlantikoko zonalde batzuetan. Egoerak okerrera egingo du gaur, euri-jasez gain, egunaren bigarren zatian kazkabar-ekaitzak izateko aukera baitago.
Asteazkenerako aurreikuspenak oso antzekoak dira. Abisu horia mantenduko da, euri-zaparradak espero baitira, baina, kasu honetan, kazkabarra izatekotan, egunaren lehen zatian izango da.
Astearte honetarako, elurra espero da. Goizean, elur-kota 1.300-1.500 metroan izango da, arratsalderako 1.000 metroan, eta gauerako 600-700 metroraino jaistea espero dute.
Asteazkenean ere, elurragatik alerta horia izango da, eta prezipitazioak gogorragoak izango ei dira egunaren lehen partean. Elurra egingo du 500-600 metrora, baina zonalde jakin batzuetan 400 metroraino jaitsiko da.
Arratsaldean 600-800 metrora igoko da elur-maila, eta egunaren amaieran 800-1.000 metro inguruan kokatuko da.
Horrek guztiak tenperaturen beherakada ekarriko du lurralde osora, batez ere, asteazkenean.
Ostegunetik aurrera, prezipitazioengatik jarritako abisu horia alerta laranja bihurtuko da ostegunean, metro koadroko 60 litro botatzea espero baita.
Kazkabarra botatzea ere aurreikusi dute, eta elur-kota 1.000 metrotik 600 metrora jaitsiko da iluntzerako. Bost zentimetroko elur geruza pilatuko da 600 metroan eta 20-40 zentimetrokoa 1.000 metrotik gora.