Gizartea -
Erasmus bekak
Espainiako Erasmus ikasleek protestak egin dituzte Europan
Aldi berean egin dituzte protestak hainbat hiritan, besteak beste, Berlinen, Erroman, Parisen, Londresen, Kopenhagen, Budapesten, Helsinkin, Varsovian, eta Vienan.
Erredakzioa
Espainiako Erasmus ikasleek protesta ekitaldiak egin dituzte larunbat honetan, aldi berean, Europako hainbat hiritan, Erasmus beken etorkizunari buruz sortu den ziurgabetasuna salatzeko.
Euskal Herrian 12:00ak zirenean hasi dituzte protestak Berlinen, Erroman, Parisen, Londresen, Kopenhagen, Helsinkin, Varsovian eta Vienan, antolatzaileek sare sozialetan jakinarazi dutenez.
"Eramus bekak, dekretu bidez inposatu diren hainbat neurri bidegabe sortaren, icebergaren tontorra dira", Nacho Vera Espainiako Erasmus ikasleen ordezkariak La Haya hirian salatu duenez.
Duela bi aste, Hezkuntza Ministerioak ikasturte honetako diru-laguntza kendu zien aurreko ikasturtean beka orokorrik jaso ez zuten ikasle espainiarrei. Gero atzera egin behar izan zuen Wert Hezkuntza ministroak, hezkuntza sektorearen, autonomia erkidegoen eta Europar Batzordearen protestak zirela-eta.
Astebete geroago, 2014tik aurrera Erasmus beketan murrizketak izango zirela ohartarazi zuen, Europak horretara diru gutxiago bideratuko zuela argudiatuta. Europako Batzordeak Werten adierazpenak gezurtatu zituen, eta Erasmus+ programa berrian aurrekontua igoera izango dela gaineratu zuen.
Datorren urtetik aurrera 150 eta 250 euro arteko diru-laguntza emango du Europako Batzordeak hilean, ikasketak egin behar dituzten Europako hiriburuaren arabera. Diru-laguntza horri herrialde bakoitzarenak gehitu behar zaizkio. Espainiak orain arteko diru-laguntzari eusten badio (100 euro hilean) ez da murrizketarik izango, Europako Batzordearen arabera.