Gizartea -
Erasmus
Erasmus beken murrizketak 'ezinegona' sortu duela onartu du PPk
Konponbide bat bilatzea eskatu du Alfonso Alonso Kongresuko PPren bozeramaileak. "Sentiberak izan eta zalantzak entzun behar ditugu, ezinegona sortu delako", adierazi du.
Erredakzioa
Erasmus beka bat jasotzeko baldintzak murrizteko eta aldatzeko agindua eman du Hezkuntza Ministerioak, eta erabakiak "ezinegon handia" sortu duela onartu du gaur Alfonso Alonso Kongresuko PPren bozeramaileak. Horregatik, irtenbide bat bilatzeko deia egin du Alonsok.
"Aukera eta programa horrekin ikasten ari diren ikasleengan ezinegon handia sortu da. Sentiberak izan eta zalantzak entzun behar ditugu, ezinegona sortu delako", azaldu du Alonsok Bozeramaileen Batzordearen bilera amaitu ostean, Kongresuan.
Alonsoren hitzetan, politikan arazo bat dagoenean konponbideak bilatu behar dira beti. "Sentiberak izan, arazoa aztertu eta irtenbide posibleak aurkitu behar ditugu. Hori da Kongresuko PPren taldeak egiten duen gogoeta", erantsi du.
Horrela, Erasmus programaren "aparteko garrantzia" goraipatu du Alonsok, klase ertaineko familiek Europan barna bidaiatzea ahalbidetu duelako. "Funtsezko" programa bat da eta gazte "espainiarren artean arrakasta aparta du", gaineratu du.