Gizartea -

Hezkuntza Ministerioa

Beken murrizketa urtea hasi aurretik abisatu behar zutela uste du EBk

Eusko Jaurlaritzak informazio gehiago eskatuko dio Wert ministroari. Hezkuntza arduradunak esan duenez, neurria "mingarria" izan arren, egoera txarragoa bizi duten ikasleei "lehentasuna" emango die.

EHUko Bizkaiko kanpusa. EITB.
EHUko Bizkaiko kanpusa. EITB.
Bekaren murrizketarekin, gero eta gutxiagoren aukera izango da

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erasmus bekak jasotzeko baldintzak aldatu eta hileroko 150 euroko laguntza kentzeak kritika asko ekarri dizkio gaur Rajoyren Gobernuari. Eusko Jaurlaritza Erasmus beken amaieraren aurka helegite bat aurkeztea aztertzen ari da, eta EAJk, CIUk eta UPyDk, adibidez, neurria "onartezina" dela adierazi dute Kongresuan.

Europako Batzordeak Espainiako Gobernuari ohartarazi dio Erasmus bekak jasotzeko baldintzak ikasturtea hasi aurretik egin behar zituztela, eta ez orain. Dagoeneko Europako beste unibertsitateetara joan diren ikasleei "zigorra" ezarri zailea gaineratu du EBk.

Euskadin, EHUko zuzendaritzak murrizketa horrek EAEko ikasleengan izango duen eragina aztertuko du gaur. Neurriaren aurka jo du EHUk, eta aurten atzerrian dauden ikasleei ere eragingo diela ohartarazi du.

Asteazken honetan, EHUko zuzendaritzak Ikasleen Batzordearekin bilera egingo du. Gaur bertan, Aratz Castro batzorde horren bozeramaileak esan du Hezkuntza Ministerioak iragarritako murrizketa "onartezina" dela. Eusko Jaurlaritzak, berriz, informazio gehiago eskatuko dio Wert ministroari.

PPk 'irtenbidea' bilatuko du

Hezkuntza Ministerioaren erabakiak "ezinegon handia piztu" duela onartu du Alfonso Alonso Kongresuko PPko bozeramaileak eta "irtenbide bat" bilatzeko deia egin du.

"Ikasleen artean ezinegona piztu da, batez ere beka horri esker ikasten ari diren gazteen artean. Nire ustez, entzuteko gai izan behar gara eta ezinegon horri erantzuna eman behar diogu".

Berak iragarritako murrizketa defendatu du gaur goizean Wertek Cope irrati-kateari eskainitako elkarrizketan. Neurria "mingarria" dela onartu ondoren, diru gutxien duten ikasleei "lehentasuna" ematea nahitaezkoa dela esan du.

Hezkuntza Ministerioak "bekadun guztiei hilean 38 euro ematea edo diru-sarrera gutxiago dutenei 250 euro" ematearen artean erabaki behar izan duela azaldu du.

"Atsekabea ulertzen dut, baina diru-sarrera gutxiago duten ikasleei lehentasuna emateko gomendioari erantzun diogu", esan du.

Guztira 40.000 dira Espainian Erasmus beka jaso duten ikasleak. Euskal Autonomia Erkidegoan EHUko 900 gaztek nazioartean egingo dituzte aurten ikasketak. Nafarroan, berriz, 500 ikaslek jaso dute Erasmus beka 2013-2014 ikasturtean.

Extremadurak eta Errioxak bere gain hartuko dute gastua

Extremadurako Gobernuak bere gain hartuko ditu Erasmus beketarako agindutakoa, eta, horrenbestez, 150 euroko laguntza emango die erkidego horretako 490 bekadunei. Errioxak ere gastua bere gain hartuko duela adierazi du.

Bestalde, Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza arduradunak esan du Barcinaren Gobernuak ez duela Werten murrizketarekin bat egingo. Espainiako Gobernuak neurria "berriz aztertu" beharko lukeela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea