Gizartea -

Hezkuntza

Itunpeko ikastetxeetako milaka langilek ordubeteko lanuztea egin dute

Lanuzteak jarraipen zabala izan duela ziurtatu du ELA sindikatuak. Kristau Eskolak, ostera, soilik langileen % 21ek greba-deialdiari erantzun diotela esan du.

Protesta. Artxiboko irudia: EFE
Protesta. Artxiboko irudia: EFE
Protesta. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan hitzarmen berri bat eskatzeko ordubeteko lanuztea egin dute gaur itunpeko ikastetxeetako milaka langilek, deitzaileek azaldu dutenez. Bestalde, ikastetxeetan protestaren eragina eskasa izan dela ziurtatu du Kristau Eskola patronalak.

Lanuzteak jarraipen zabala izan duela ziurtatu du ELA sindikatuak. Euskadiko itunpeko 250 ikastetxeetan ia 12.000 langilek egiten dute lan, eta gehienek lanuztea egin dutela adierazi du ELAk.

Kristau Eskolak, aldiz, soilik langileen % 21ek greba-deialdiari erantzun diotela esan du. Erakundeko iturrien arabera, ikastetxeen % 58,39an lanuzteak ez du jarraipenik izan.

ELA, CCOO, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek ordubeteko (08:00-11:00) lanuztea egiteko deia egin zuten.

Tarte horretan elkarretaratzeak eta manifestazioak egin dituzte EAEko zentroetan.

Soldaten murrizketa

Itunpeko hezkuntzaren langileei aplikatutako soldaten murrizketa arbuiatu dute deitzaileek eta lansarietatik kendutako diru-kopuruak bueltatzeko eskatu dute. Era berean, lan hitzarmen berri baten negoziazioa eskatu dute, murrizketak saihesteko eta aplikazioa bermatzeko.

Ostegunean ordubeteko beste lanuzte bat egin behar dute itunpeko ikastetxeetako langileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea