Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Trapagaranek bertako emakumeak jasandako eraso matxista salatu du
Bigarren mailako erredura sakonak ditu gorputzaren % 10ean, eta ospitalean dago. Senar ohia atxilotuta dago, emakumeari eraso egin eta erregaia botatzea egotzita.
Erredakzioa
Ehun bat lagun bildu dira ostegun honetan Trapagaranen (Bizkaia), bertako emakume batek asteazken honetan jasandako eraso matxistaren aurrean protesta egiteko.
Biktima (42 urte) ospitalean dago, hainbat kolpe eta erredura baititu. Zehazki, bigarren mailako erredura sakonak ditu gorputzaren % 10ean, ustez senar ohiak botatako erregaiak eraginda. Datorren astean egingo diote azal-mentua eta sudurreko ebakuntza.
Haren senar ohia (45 urte) atxilotuta dago, erasoaren egilea izatea leporatuta.
Erasoak erabat hunkitu ditu Trapagarango herritarrak, eta ehun bat lagun bildu dira 'Eraso sexistarik ez' lelopean herrian egin duten elkarretaratzean. Protesta isila izan da, eta puntu liladun hainbat kartel erakutsi dituzte, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka.
Udalaren adierazpena
Goizean, Trapagarango Udaleko Bozeramaileen Batzordeak ''erabat gaitzetsi'' du bertako bizilagunak jasandako "eraso basatia", eta biktimari eta familiari "eskura dituzten baliabide sozial guztiak" eskaini dizkiete, "egoera zail hau" gainditu ahal izateko.