Gizartea -
Ezbeharra
Hiru donostiar hil dira Capbretonen izandako trafiko istripuan
Hildakoak, 44 eta 60 urte arteko mendizaleak, Txiletik bueltan zetozen, espedizio batean parte hartu eta gero.
Erredakzioa
Lau lagun hil Capbretonen, Banesse Maremma parean, izandako trafiko istripuan; horietatik hiru donostiarrak dira, mendizale ezagunak. Donostiara zihoazen, Txiletik bueltan, mendiko eski espedizio batean parte hartu ondoren.
Hildako hiru donostiarrak Club Vasco de Campig elkarteko kideak ziren: Andoni Areizaga (Andoni Areizaga 1982tik 1985era EiTBko zuzendari nagusi izan zenaren semea), Donostiako suhiltzaileen sargentoa, mendizale ezaguna eta Open AltiToy eski probako zuzendaria; Josean Fernandez, antiguotarra eta Eibarko Armeria Eskolako irakaslea; eta Iñaki Cuellar mendizalea. Laugarren hildakoa, istripua izan duen furgonetako gidaria, Bernard Doumerq frantziarra da.
Atzo eguerdian gertatu zen ezbeharra. Bi lagun istripuaren tokian bertan zendu ziren. Beste biak, erietxera eraman zituzten, larri, eta han hil dira, bart.
Kamioi batek atzeko gurpil bat galdu zuen eta beste kamioi bat errepidean gelditu zen, gurpila paretik kentzeko. Atzetik zetorren furgonetak bete betean jo zuen bigarren kamioia, eta kolpearen ondorioz, hil dira lau lagunak.