Gizartea -
Asunta umearen heriotza
Asuntaren amaren abokatuak haren aurkako probarik ez dagoela esan du
Asuntaren, irailaren 22ko goizaldean Coruñako baso pista batean hilik aurkitu zuten 12 urteko neskaren, amaren abokatu berriak bere bezeroa libre uztea eta beste ikerketa bide bat zabaltzea eskatu du.
Erredakzioa
Rosario Porto Asunta umearen amaren abokatu berriak zalantzan jarri du bere bezeroaren aurkako arrastorik egotea. Asuntaren gorpua irailaren 22an aurkitu zuten, indarrez hil zuten zantzuak zituela, Teo Santiagotik gertu dagoen herriko baso pista batean. Jose Luis Gutierrez Aranguren abokatuak, Portok hala eskatuta, ikerketarako bide berriak irekitzeko lan egingo duela adierazi du.
Teixeiroko espetxean (Coruña) Portorekin egon eta gero, Gutierrez Aranguren abokatuak haren defentsa onartu du, aurrekoak, Juan Guillanek, gai penaletan aditua ez delako, kasuari uko egin eta gero. Presoarekin bildu eta gero esan duenez, Juan Antonio Vazquez Tain epaileak ezarritako espetxeratze autoa "erabat deuseztzat" jo behar da.
Arangurenek azaldu duenaren arabera, Portok 12 urteko neskaren heriotzarekin nahasita "beste egile bat" egon litekeela esan dio, "lur jota". Hori dela eta, amak hala eskatuta ikerketak beste bide batzuk hartzeko lan egingo duela aurreratu du.
Errekurtsoa, Coruñako Probintzia Auzitegian
Bestalde, defentsak apelazio helegitea jarriko du astearte honetan Probintzia Auzitegian, Porto kartzelatzeko autoaren aurka, eta emakumea aske uzteko eskatuko du bertan, epailearen aginduak "ez baitu ziorik".
Horrez gain, autoan bere bezeroarentzat "fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdi komunikatua" ezartzeko arrazoi gisa "gertakaririk" aipatzen ez dela ekarri du gogora. Bestalde, abokatuaren ustez, "ez dago ihes egiteko edo biktimaren ondasun juridikoei erasotzeko arriskurik".
Aztarnak
Legelariak zalantza asko ditu bere bezeroaren aurkako aztarnarik baden, nahiz eta jakitun den informazio mugatua duela, sumarioa sekretupean baitago. Orain arte, hedabideetan zabaldutakoa eta astelehenean Rosario Portok berak esandakoa bakarrik daki Gutierrez Arangurenek.
Dena den, amak alaba desagertu zela salatzean eman zuen lehen bertsioaren eta gero, umea desagertutzat emanda zegoela segurtasun kamera batek biak batera grabatu ondoren, eman zuenaren artean aurkitu dituzten kontraesanak ez dira nahikoak, abokatuaren aburuz.
"Hori ez da aztarna", esan du legelariak, "eta krimenaren egiletza argitzeko aurkeztu dituzten hipotesi guztiak, ekonomikoa barne, banan-banan etorri dira behera".
Joan den ostiraletik, irailak 27, Rosario Porto eta Alfonso Basterra haren senar ohia kartzelan daude, "homizidioa edo hilketa" leporatuta.