Gizartea -

Erabakia

Asunta Basterraren ama eta aita espetxera bidali ditu epaileak

Epaileak hilketa delitua egotzi die Asunta Basterra 12 urteko neskatoaren amari eta aitari. Rosario Porto eta Alfonso Basterraren abokatuek uko egin diote kasuari.

Rosario Porto, epaitegian. EFE.
Rosario Porto, epaitegian. EFE.
Asunta Basterraren gurasoak espetxean sartu dituzte

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asunta Basterra Santiagon hilik aurkitu zuten 12 urteko neskatoaren ama eta aita espetxera bidali ditu epaileak. Rosario Portori eta Alfonso Basterrari hilketa delitu bat egotzi dio epaileak. Lauretarako ordu laurden falta zenean eraman dituzte biak Texeirako (A Coruña) espetxera.

Rosario Portok epailearen aurrean deklaratu du gaur, 9:15etik aurrera. Hiru orduz, Jose Antonio Vazquez Tain epailearen aurrean izan da. Eguerdian, epaileak bermerik gabeko espetxealdia ezarri dio.

Ondoren, Alfonso Basterrak deklaratu du epailearen aurrean. Hirurak arte deklaratu du eta epaileak espetxera bidali du.

Galiziako Justizia Auzitegiak jakitera eman duenez, toxikologia analisiak bukatu bitartean, ‘homizidio’ delitua leporatu die epaileak neskatoaren gurasoei.

Rosario Portok gertatutako ukatu du

Rosario Portok epaileari adierazi dionez, berak ez zuen Asunta Basterra hil. Epaitegiko iturriak aipatuz Europa Press agentziak jakitera eman duenez, orain arte esandakoak berretsi ditu haurraren amak.

Larunbatean egin zituen ekintzen inguruan galdetu diote. Zehazki, alabarengandik banatu eta haren gorpua Teo udalerriko bide batean aurkitu bitartean non egon zen eta zer egin zuen galdetu diote.

Rosariok haurraren heriotzean ez duela zerikusirik adierazi du, eta larunbat arratsaldean Montouton duen etxebizara joan zela adierazi du. Iturriek adierazi dutenez, gaurko jardunaldian ez da bideorik ikusi eta Rosario Portok ezin izan dio negarrari eutsi.

Aitaren deklarazioa

Epaitegiko iturriak aipatuz Europa Press agentziak jakitera eman duenez, Alfonso Basterrak bere errugabetasuna defendatu du galdeketan.

Haurraren aita asteazkenean atxilotu zuen Guardia Zibilak, ama atxilotu eta hurrengo egunean, eta deklaratzeari uko egin zion. Gertatutakoaren inguruan duen bertsioa azaldu dio gaur Jose Antonio Vazquez Tain epaileari.

Abokatuek uko egin diote kasuari

Bestalde, Rosario Porto eta Alfonso Basterraren abokatuek jakitera eman dutenez, kasuari uko egin diote eta ez dute bikotea defendatuko.

Roberto Goris, Basterraren abokatuak epaitegiko irteeran eman du erabakiaren berri. "Arrazoi teknikoengatik" utzi duela kasua azaldu du. "Basterrak eta nik uste dugu hobe dela zuzenbide penaleko abokatu batek egitea defentsa", azaldu du.

Juaan Guillanek, Rosario Portoren abokatuak eta haren aitaren lagunminak, ere uko egin dio kasuan jarraitzerari. Ez du arrazoien berri eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak azken ordukoa Epaiketak albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Galizia albisteak Umeak Krimenak azken ordukoa