Gizartea -

Ikerketa

Asunta Basterraren gurasoek epailearen aurrean deklaratuko dute gaur

Asunta Basterra neskatoaren hilketa arrazoi ekonomikoengatik izan zela dioen hipotesia indarra hartzen ari da, ikerketako eta familia inguruko iturriek baieztatu dutenez.

Alfonso Basterra. EFE.
Alfonso Basterra. EFE.
Alfonso Basterra. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfonso Basterra eta Rosario Porto Galizian hilik aurkitutako neskatoaren gurasoek epailearen aurrean deklaratu beharko dute gaur, Galiziako Justizia Auzitegi Nagusian. Hilketaren atzetik arrazoi ekonomikoak egon daitezkeela uste du poliziak. Rosario Porto 8:10ean heldu da Santiagoko epaitegira.

Asunta Basterra neskatoaren hilketa arrazoi ekonomikoengatik izan zela dioen hipotesia indarra hartzen ari da, ikerketako eta familia inguruko iturriek baieztatu dutenez. Urtebeteko aldearekin hil ziren aitona-amonak.

Neskatoaren gorpua igande goizaldean aurkitu zuten Feros izeneko leku bateko mendi-bide batean, Teo udalerrian, Santiagotik gertu (Coruña). Larunbat gauean, 22:00ak aldera, alaba desagertuta zegoela salatu zuten gurasoek.

Analisi toxikologikoen arabera, lasaigarria eman zioten neskatoari, eta, ondoren, ito egin zuten.

Aitaren etxebizitza miatu dute

Ostegun honetan, Alfonso Basterraren etxebizitza miatu dute. Miaketa laburra izan da (45 minutu), eta aurrez Rosario Portoren etxebizitza miatu dute 3 orduz.

Miaketen lekuko izan dira biak ala biak eta kamuflatutako kotxeetan atera dira erregistroetatik.

Aita eta ama, biak, atxilotuta

Alfonso Basterra neskatoaren aita atxilotu zuten atzo. Aurretik, hilketa delitua egotzi dio epaileak aitari ere, baina aske egon da orain arte. Asteartean, Rosario Porto ama inputatu zuten, hilketa delitua egotzita, eta atxilotuta dago ordutik.

Rosario Portok Montouto (Coruña) herrian duen etxebizitza miatu zuen atzo Poliziak, neskatoaren gurasoak aurrean zirela. Izan ere, haurraren gorpua agertu zen tokitik hiru kilometrora dago. Miaketa horren ondoren atxilotu zuten aita.

Igandean ere miatu zuten etxebizitza hori, eta gorpuaren ondoan aurkitu zuten soka berdina atzeman zuten bertan.

Antonio Vazquez Tain Santiagoko 2. instrukzio epaitegiko epaileak Alfonso Basterrari ere egotzi dio hilketa. Kasuko epaileak delitu bera egotzi die biei, Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar bidez jakinarazi duenez. Hala ere, epaileak inputazio horiek zehaztu ahal izango ditu bi inputatuek haren aurrean deklaratu ostean.

"Kontraesanak", amaren bertsioan

Rosario Porto abokatua eta Frantziako kontsul ohia da. Poliziaren aurrean egindako lehen deklarazioaren arabera, uda hasieran gizon bat topatu zuen etxean, adingabea ito nahian, eta, emakumea ikusitakoan, ihes egin zuen.

Gertakaria larria izan arren, amak ez zuen salaketarik jarri. "Arraroa" iritzi diote horri hilketa ikertzen ari direnek, eta Rosario Portoren bertsioaren beste datu batzuk ere "anbiguoak eta kontraesankorrak" direla adierazi dute.

Polizia neskatoaren familia eta gurasoen lagunak galdekatzen dabil, datu gehiagoren bila.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Galizia Umeak azken ordukoa Krimenak azken ordukoa Gurasoak albisteak