Gizartea -
Santiagoko tren istripua
Adifeko karguek Santiagoko bihurgunea 'segurua' zela diote
Bideko seinalizazioak "egokiak" zirela eta ERTMS sistemarik ez zegoela gaineratu dute.
Erredakzioa
Adifeko Zirkulazioko Segurtasun zuzendaria eta Ipar-mendebaldea guneko Zirkulazioko Segurtasun gerentea epailearen aurrean izan dira gaur. "Araudia" oinarritzat hartuta, bi inputatuek adierazi dutenez, trenbideko seinaleak "egokiak" ziren eta A Grandeirako bihurgunea "segurua".
Gaur deklaratu duten arduradunez gain, datozen egunetan Adifeko beste hiru arduradunek joan beharko dute epailearenga. Inputatuek ez dute adierazpenik egin.
Jesus Alonso, biktimen abokatuak komunikabideei adierazi dienez, bi arduradunek "aitzakiak" erabili dituzte galderak erantzuterakoan. Galderak "argi eta garbi" erantzun ez izana kritikatu du Alonsok.
Abokatuak dionez, inputatuek "araudiak dioena", "ez dut horren berri" edo "ez da nire ardura" moduko erantzunak erabili dituzte. "Nola esan dezake pertsona batek bide bat segurua dela eta horrenbeste biktima egon?", galdetu du Alonsok.
Bihurgunearen segurtasuna
Jose Lorenzo abokatuak ere hizpide izan ditu Adifeko arduradunen hitzak. "Bihurgunea segurua zela eta seinaleak egokiak zirela esan dutel", azpimarratu du. Lorenzoren aburuz, bi arduradunek "berriz ere gauza bera" egingo zutela ulertarazi dute. "Segurtasun zuzendariak, ordea, segurtasun neurriak hobetu daitezkeela eta egun indarrean dauden neurriek bere horretan jarraituko dutela ulertarazi du", adierazi du.
ERTMS sistema
Alonsok adierazi duenez, "istripua gertatu zen lekuan ERTMS sistemarik ez zela inoiz egon onartu dute Adifeko arduradunek". Horren "arrazoia ez ezagutzea" gaineratu dute.
"Hasieran ERTMS sistema aldi batez ez zegoela erabilgarri esan dute eta ondoren, hondatuta zegoela", amaitu du Jesus Alonsok.