Gizartea -

2013/2014 ikasturtea

Ikasturtearen hasieran dirua aurrezteko aholkuak

Diru gehiago aurrezteko bideetako bat testuliburuen elkartrukea da, material hori erostea baita, hain zuzen ere, sendiek egin behar duten gastu handiena.

EAEko familek 630 euroko gastua egin beharko dute seme-alaba bakoitzeko, hezkuntza publikoan. EiTB
EAEko familek 630 euroko gastua egin beharko dute seme-alaba bakoitzeko, hezkuntza publikoan. EiTB
EAEko familek 630 euroko gastua egin beharko dute seme-alaba bakoitzeko, hezkuntza publikoan. EiTB

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabeziak gora egin du, soldatek behera, erosteko ahalmena urritu egin da... Aurtengo ikasturtearen hasiera inoizko gogorrena izango da euskal sendientzat, iaz baino % 1 garestiago baitator, eta, iaz, familiek gorriak ikusi zituzten, balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZ) igoeraren ondorioz.

Horren haritik, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak (EKA) zehaztu duenez, familiek 630 euroko gastua egin beharko dute seme-alaba bakoitzeko, hezkuntza publikoan; 950 eurokoa, itunduan eta 1.250 eurokoa, pribatuan. "Kostuak Espainiako Estatuko batez bestekoak baino % 8 handiagoak dira", adierazi diote elkarte horretatik eitb.com-i.

Hori horrela, gurasoek ez dute beste irtenbiderik: aurrekontua murriztu, eta alternatibak bilatu behar dituzte, fakturek etxeko ekonomia ez itotzeko. Diru gehiago aurrezteko bide oparoetako bat testuliburuak elkartrukatzea edo bigarren eskukoak erostea da. Izan ere, eskola material horrek gastu handiena dakar: 190 euro inguru ikasle bakoitzeko.

Testuliburuen elkartrukea

Interneten webgune ugari dago testuliburuak elkartrukatzeko, alokatzeko edo bigarren eskukoak erosteko, changebook.es, bookint.eu eta ebay.es ezaguna, kasu. Dena dela, EAEko hezkuntza publikoko ikasleek 'Testuliburuak kudeatzeko programa solidarioa'rekin bat egin dezakete. Eusko Jaurlaritzak 2007. urtean abiatu zuen aurrenekoz, eta aurten ere martxan dago.

"Horri esker, ikastetxeek erosten dituzte liburuak, eta ondoren ikasleen artean elkarbanatzen dira", Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartetik (EHIGE) eitb.com-i azaldu diotenez.

Elkarteak zehaztu duenez, "familiek 25-45 euroko kuota bat ordaintzen dute urtero, Lehen Hezkuntzatik hasi eta DBHko 2. ikasturtea arte". Testuliburu berriak erosteak, gogora dezagun, 190 euro inguruko kostua du.

"Gure ustez oso programa positiboa da, ikasleek liburuak zaintzen eta partekatzen ikasten dutelako eta familien gastuak murrizten direlako", adierazi dute EHIGEtik.

Programa honetan erabilitako bigarren eskuko liburuek lau urteko biziraupena dute, baina, EKAren esanetan, badirudi Jaurlaritzak ez dituela liburuak ordezkatu, eta horiek bost urtez erabiltzen ari dira, hainbat "hondatuta" egon litezkeen arren.

Gasteizko Gobernuaren ekimen hori gorabehera, hainbat ikastetxek eta guraso elkartek ere testuliburuak elkartrukatzeko programak antolatu ohi dituzte. Hori dela eta, zentroetan galdetzea eta informatzea komeni da.

Aurrezteko beste modu batzuk

Erakundeek egindako murrizketen ondorioz beka eta diru-laguntza asko desagertu egin badira ere, Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek batzuk eskaintzen dituzte oraindik. Informazioa ikastetxeetan edota guraso elkarteetan eskatzea gomendatu du EKAk.

Jaurlaritzaren kasuan, adibidez, unibertsitate eta goi-mailako ikasketetarako laguntzak eskaintzen ditu Hezkuntza Sailak, garraio eta jantoki gastuak finantzatzeko. Diru-laguntzok eskatzeko epea hilaren 30ean bukatuko da.

EKA kontsumitzaile elkarteak eta EHIGE guraso elkarteak emandako beste hainbat aholku honakoak dira:

- Beste sendiekin uniformeak ere elkartrukatu (uniformea behar den zentro pribatuen kasuetan).

- Ezinbesteko materiala baino ez erosi, eta aldez aurretik etxean daukaguna egiaztatu, birziklatu daitekeena berriz ere erabili ahal izateko.

- Erosketak merkealdian egin (hilaren 30 arte irauten du) eta produktuak eta prezioak hainbat dendatan alderatu.

- Udalek antolatutako eskolaz kanpoko jardueretan eman izena; izan ere, ikastetxeetakoak baino merkeagoak izan ohi dira.

- Kreditu azkarrekin ez zorpetu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea