Gizartea -
Zerrenda
Telebista goitik behera aldatu zuten 10 telesailak
Telesail asko egin dira azken urteetan, baina gutxi dira telebista hankaz gora jarri dutenak. Besteak beste, Twin Peaks, Lost, Mad Men edo The Wire agertzen dira gure zerrendan.
Iker Gómez
1.- Twin Peaks: Telebistan akzioa eta tiroketak nagusi ziren unean, Twin Peaks telesailak dena hankaz gora jarri zuen. Laura Palmerren bizitzaren azkenengo asteak asko lagundu die ondoren etorri diren telesail askori (tartean, ‘Top of the Lake’). David Lynchek eta Mark Frostek jarri zuten martxan, 1990. urtean. Fikziozko hiri txiki batean gertatzen da dena. Amaierako atalak marka guztiak hautsi zituen.
2.- Friends: Azken urteetako komedia ezagunena. Rachel, Ross, Chandler, Joey, Monica eta Phoeberen nondik norakoak kontatzen ditu, eta 1994 eta 2004. urteen artean arrakasta handia lortu zuen mundu osoko telebistetan. Askotan errepikatu duten arren, telesailaren itzulerari buruz asko hitz egin da azken urteetan.
3.- The Soprano’s: Askorentzat, historiako telesailik onena. Inkesta askok ere gauza bera diote. Egia esanda, Tony Sopranoren bizitzaren inguruko telesailak arrakasta handia izan zuen 1999 eta 2007. urteen artean. Egia esan, Soprano mafiako kidearen eta horren familiaren istorioak sari ugari irabazi ditu dagoeneko: 21 Emmy eta bost Urrezko Globo eraman ditu. The Hollywood Reporter aldizkariak ere 2.000ko hamarkadako telesailik onenari saria eskaini zion.
4.- Lost: Sei urtez, loak ezin hartu ibili ziren telesail honetako jarraitzaileak, irla horretan gertatzen ari zena argitu nahian. J.J. Abramsek ospe handia lortu zuen eta hainbat sari etxera eraman zituen (Urrezko Globo bat eta sei Emmy, tartean). 121 atalak amaituta, askok ez zuten bukaera gustuko izan.
5.- Mad Men: Oraindik airean da, eta datorren urtean zazpigarren denboraldia estreinatuko dute. Kritikak babes handia eman dio Mad Men telesailari, baita ikusleek ere. Don Draper publizistaren historia jorratzen du, 60ko hamarkadako New Yorken. Garai horretan, publizista izatea ‘glamour’ handiko lana izatea zen.
6.- X Files: Gertakari paranormalen argumentuari heldu zioten Mulder eta Scullyk telesail arrakastatsu honekin. FBIren bi agenteek 9 denboraldi eman zituzten telebistan estralurtarrekin eta espirituekin borrokan. Lanarekin batera, Mulder eta Scullyren arteko harremanak ere protagonismoa hartu zuen.
7.- Beverly Hills 90210: Seguruenik ez da historiako telesail onenen zerrendan sartuko baina bai 90eko hamarkadan jarraitzaile gehien lortu zituenen artekoan. Gazte eta nerabe guztiek Brenda, Dylan eta Kellyren artekoak ondo ezagutzen zituzten. Aarón Spelling zuzendariak institutu eta unibertsitateen inguruko telesail ugari egin zituen, baina ez zuen horrenbesteko arrakastarik lortu. 2000. urteko maiatzean, Beverly Hillseko ikastetxeak ateak itxi sitúen.
8.- The Wire: Kritikarien ustez, historiako telesailik onenetariko bat da. Baltimorreko nondik norakoak aintzat hartuta, droga-trafikoa eta polizien entzuketak jorratzen ditu. David Simon kazetariak idatzi zuen, Baltimore Sun egunkarian bizi izandakoa oinarritzat hartuz.
9.- Games Throne: Liburu bat telebistara eramatea eta arrakasta lortzea oso zaila izan da ‘Games Throne’ agertu arte. George R.R. Martín idazlearen fantasia ezin hobeto iritsi da telebistara. Laugarren denboraldia 2014. urtean iritsiko da.
10.- House: Nork ez ditu House doktorea eta medikuntza jorratzeko horren metodología ezagutzen? Medikuntzaren inguruko telesailek behar zuten iraultza ekarri zuen ‘House’-ek. 2012. urtean amaitu zen, arrakasta handiko unean.
Kanpoan geratu direnak: ‘V’, ‘Grey´s Anatomy’, ‘Six Feet Under’, ‘Dexter’, ‘Cheers’ edota gaur eguneko ‘Homeland’ eta ‘Breaking Bad’ kanpoan geratu badira ere, kalitate handiko telesailak dira, zalantzarik gabe.