Gizartea -
Kutxa beltzen azterketa
Makinaria Renferekin telefonoz hitz egiten ari zen istripuaren unean
Ezbeharra gertatu baino segundo batzuk lehenago balazta bat aktibatu zen. Horrela, istripuaren unean, trena errailetik atera zenean, ibilgailua 153 kilometro orduko abiaduran zihoan.
Erredakzioa
Iragan asteazkenean, Santiagon, ezbeharra izan zuen trenaren makinaria Renfeko langileekin hitz egiten ari zen istripuaren unean, Galiziako Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez. Ezbeharra gertatu baino lehen trena 192 kilometro orduko abiaduran zihoan.
Alvia trenaren kutxa beltzetatik goizean atera dituzten datuak dira. Behin behineko informazioa da eta Polizia Judizialaren txostenaren zain daude. Datuen arabera, ezbeharra gertatu baino segundo batzuk lehenago balazta bat aktibatu zen. Horrela, istripuaren unean, trena errailetik atera zenean, 153 kilometro orduko abiaduran zihoan.
Ezbeharra gertatu baino minutu batzuk lehenago, tren-gidariak telefono dei bat jaso zuen Ferrolera heltzeko ibilbidea azaltzeko. Elkarrizketa aztertuta eta zarata entzunda, "makinaria plano edo mapa bat aztertzen ari zela ematen du", Auzitegiak agiri batean azaldu duenez.
Espainiako Poliziak Fontiñasko epaitegira eraman ditu gaur goizean Santiagon istripua izan zuen trenaren kutxa beltzak, barruan duten informazioa jasotzeko.
Gurpilen azterketa
Bagoietako gurpilen azterketa egiteko baimena eman du gaur Luis Alaez epaileak. Bestalde, trenaren hondakinen azken azterketa bat egiteko txakurrak erabiltzea aztertzen ari dira.
Galiziako Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, epaileak Sustapen Ministerioko Ikerketa Batzordearen teknikariei bagoietako gurpilen azterketa egiteko baimena eman die. Polizia Judizialeko kideak ere bertan izango dira.
Horregatik, ikerketak amaitu bitartean ez dira bagoiak mugituko; izan ere, burdinek treneko zona txiki batzuk itxita dituzte oraindik.
Txakurrak
Ezbeharraren hondakinetako azken azterketa bat egiteko txakurrak erabiltzea aztertzen ari dira. Era berean, tren-makinaren ikerketa egitea aurreikusi dute.
Momentuz ez dute lekukorik deklaratzera deitu, auzitegiak jakinarazi duenez.
66 zauritu ospitalean
Tren istripuan zauritutakoen artean, oraindik 66 lagunek jarraitzen dute Galiziako ospitale ezberdinetan. Horietatik 15 oso larri daude.