Gizartea -

Datorren kurtsorako

Hezkuntzak genero indarkeria saihesteko plan bat jarriko du martxan

Ikasgelan neska-mutilen artean berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea du helburu planak, eta eskola hezkidetzailea bultzatzeko sortu dute.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua. Argazkia: EITB.
Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua. Argazkia: EITB.
Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak genero indarkeria saihesteko eta eskola hezkidetzailea lortzeko plan estrategikoa jarriko du martxan hurrengo kurtsoan. Horretarako, gai horri buruzko adituak izendatuko dituzte hezkuntza zentroetan, formazio zehatza eta aholkuak emateko.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak aurkeztu du gaur aipatu planaren lehenengo fasea, Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordearekin eta Izaskun Landaida Emankundeko zuzendari nagusiarekin batera.

Uztailean bigarren fasea abiatuko dute, eta hainbat eragilek hezkuntza zein berdintasuna bultzatzeko egindako ekarpenak hartuko dituzte. Azkenik, urriaren 30ean, plana aurkeztuko dute Bilbon, Emakundek antolatutako Berdintasunerako Foroaren baitan.

Ikasgelan neska-mutilen artean berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea du helburu planak, eta eskola hezkidetzailea bultzatzeko sortu dute. Horretarako, estereotipoak eta sexuari lotutako rolak alde batera utzita, pertsonak osotasunean garatzen saiatuko dira.

Eskolak "ardura saihestezina" du berdintasuna lortzeko; hala, plan estrategikoaren arabera, zentroek hezkidetza eta genero indarkeria saihesteko arduradun bat eta Eskola Kontseiluan berdintasuna bultzatzeko ordezkari bat ezarri beharko dute.

Horrekin guztiarekin batera, hezkidetzarako eta genero indarkeria saihesteko batzorde bat sortzea aurreikusi dute, familiarrek, irakasleek, ikasleek eta beste hainbat eragilek osatuko dutena.

Halaber, Berritzeguneak (formaziorako eta hezkuntza berrikuntzarako laguntza zentroak) "ezinbestekoak" izango dira arduradun horiek formatzeko eta materia horretan irakasleak sentsibilizatzeko. Irailean, Berritzegune nagusiak seminario bat egingo du, eta, urriaren bukaeran, irakasleentzako mintegiak egingo dituzte zonaldeka.

Plan horrekin, genero indarkeria detektatzea, saihestea eta agertzen diren kasuei "berehalako erantzuna" ematea espero dute. Horretarako, ikerketa sail batek kasuen jarraipena egin, eta, "ahalik eta lasterren", arazoei erantzun egoki bat emango die, sailburuordearen hitzetan.

Sailburuak azaldu duenez, ikasgaiz ikasgai, "irakasleek itxaropen ezberdina dute ikasleengan, mutil edo neska izan", eta "joera sexistak" jarraitzen dute curriculumetan, "emakumeek presentzia askoz txikiagoa baitute".

Helburua, azken finean, ikasgelan nesken eta mutilen artean berdintasunean oinarritutako harremanak sortu, curriculumean "emakumeen jakintza, eta gizartean zein historian egindako ekarpenak" erakutsi eta neska-mutilen autonomia lortu nahi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea