Gizartea -

Kontzentrazioa

Eraginkortasun judiziala eskatu dute Bilbon, azken hilketen ostean

Bilboko Udalak lasaitasun mezua zabaldu du, eta, halaber, Ertzaintzarekin kolaboratzeko eskatu die herritarrei, hilketak argitzeko eta etorkizuneko erasoak saihesteko.

Elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon, azken hiru hilketa bortitzak salatzeko. EiTB
Elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon, azken hiru hilketa bortitzak salatzeko.
Bilbon gertatutako azken hiru hilketak salatzeko bilkura egin dute

0:45

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ibon Areso Bilboko jarduneko alkateak koordinazioa izateko eskatu die Poliziari eta Justiziari, eta eraginkortasun judiziala aldarrikatu du, azken hiru hilketa bortitzen ostean

Bilkura egin dute eguerdian Bilboko udaletxearen atarian, Ada Otuyaren eta Jenny Sofia Rebolloren hilketak eta Maria Angeles Lopez Marron adineko andrearen hilketa salatzeko, eta horien senideei eta lagunei elkartasuna adierazteko.

12:00etan, bost minutuko bilkura isila egin dute, hildako hiru emakumeak gogoratzeko. Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariak bertan izan dira, eta baita Jon Jarpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, eta Pilar Ardanza Bizkaiko gizarte ekintzako foru diputatua ere.

Udaletik lasaitasun mezua zabaldu dute, eta Ertzaintzarekin kolaboratzeko eskatu die herritarrei, hilketak argitzeko eta etorkizuneko erasoak saihesteko.

Aresok azaldu duenez, bilkura deituta, Udalaren eta bilbotar guztien dolumina eta elkartasuna erakutsi nahi izan dute.

"Zuzenbide estatuak eta justiziak eraginkortasunez jokatuko dutela espero dugu, eta hilketa horiek zigortu ditzatela eskatzen dugu", azaldu du. Gaineratu duenez, "Bilbo hiri lasaia eta bakezalea da, eta azken egunotako biolentzia ez da ohikoa".

Bilboko Zen 4 gimnasioko hilketak

Ustez, Juan Carlos Aguilar shaolin faltsuak Ada Ortuya 29 urteko nigeriarra eta Jenny Sofia Rebollo 40 urteko kolonbiarra hil ditu. Hala, epaileak kartzelara bidali du Zen 4 gimnasioko jabea bi pertsona horiek hiltzea egotzita.

Ada Otuya asteazkenean hil zen, Basurtoko Ospitalean, igandetik koman egon ondoren. Egun horretan, Ertzaintzak Zen4 gimnasioan aurkitu zuen, oso larri.

Bestalde, miaketetan, bigarren emakume baten gorpuzkinak aurkitu zituen Ertzaintzak gimnasioan eta Juan Carlos Aguilarren etxebizitzan. Bigarren neska hori Jenny Sofia Rebollo zela baieztatu zuen Ertzaintzak. Ertzaintzaren aurrean hilketa aitortu zuen gainera, Aguilarrek.

Datozen egunetan, Kolonbiatik Bilborako bidaia egingo dute Jenny Sofia Rebolloren amak eta ahizpak, hildakoaren gorpua eraman ahal izateko. Kordoba departamenduko Alejandro Lyons Muskus gobernadoreak Bilbora bidaiatzeko laguntza bermatu die senideei. Bestalde, Kolonbiako Gobernuarekin ere jarri dira harremanetan prozesua eta tramiteak azkartzeko.

Juan Carlos Aguilar shaolin faltsuaren iragana ikertzen ari dira orain, Ertzaintzak azaldu duenaren eta El País egunkariak argitaratu duenaren arabera.

Krimen Gaietarako Poliziaren Alorreko agenteak Aguilarren inguruan izandako hainbat gertakari aztertzen ari dira, hala nola anaiaren heriotza. Ustez, karga-jasogailu batek zanpatuta hil zen, 1997an, gimnasioan.

Ada Ortuyaz eta Jenny Sofia Rebolloz aparte, Juan Carlos Aguilarren biktima gehiago izatea ez du erabat baztertu Ertzaintzak oraindik.

Maria Angeles Lopezen hilketa

Emakumezkoa hilik, lotuta eta ahoa estalita aurkitu zuen Ertzaintzak ostegun honetan, Gordoniz kaleko haren etxean.

Lapurreta da Ertzaintzaren hipotesi nagusietako bat, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak EiTBri baieztatu dioenez.

Atea ez zegoen behartuta eta senitartekoek oraingoz ez dute etxeko ezeren falta sumatu.

Lehenengo behaketen arabera, emakumearen gorpuak ez zuen heriotza eragin ziezaiokeen lesiorik, eta hortaz, autopsiak argitu beharko du nola hil zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Delituak azken ordukoa Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Erailketak albisteak