Gizartea -
Bilbo
Lapurreta, 80 urteko emakumearen krimenaren hipotesi nagusia
Emakumezkoa hilik, lotuta eta ahoa estalita aurkitu du Ertzaintzak ostegun honetan, etxean. Atea ez zegoen behartuta eta senitartekoek oraingoz ez dute etxeko ezeren falta sumatu.
Erredakzioa
Lapurreta da Ertzaintzaren hipotesi nagusietako bat, atzo Bilbon hilik aurkitu zuten 80 urteko emakumezkoaren auzian, Segurtasun Sailak EiTBri baieztatu dioenez.
Emakumea hilik, lotuta eta ahoa estalita aurkitu zuten, eta etxea nahasita zuen, lapurreta egin izan balute bezala. Dena dela, hipotesi gehiago ere aztertzen ari direla esan dute Ertzaintzatik; izan ere, atea ez zegoen behartuta eta senitartekoek oraingoz ez dute etxeko ezeren falta sumatu.
Lehenengo behaketen arabera, emakumearen gorpuak ez zuen heriotza eragin ziezaiokeen lesiorik, eta hortaz, autopsiak argitu beharko du nola hil zen.
Atzo, Poliziak etxea eta inguruetako edukiontziak miatu zituen, aztarna bila.
Ostegunero bezala, kafea hartzeko agertu ez zela ikusita, bere lagunak Maria Angelesen etxera bertaratu ziren.
19:00etan jaso zuen Ertzaintzak abisua, emakumezkoarekin hitz egitea lortzen ez zuten senide batzuena, hain zuzen ere.
Emakumearen gorpua Auzitegi Medikuntzako Zerbitzura eraman zuten autopsia egiteko. Horrek argituko du adinekoa nola hil zen eta zenbat denbora zeraman hilda.
Elkarretaratzea larunbatean
Bilboko Udalak elkarretaratzea deitu du larunbat honetarako. Juan Carlos Aguilar shaolin faltsuaren bi biktimei eta Maria Angeles Lopez Marron adineko andreari elkartasuna adierazteko.
Elkarretaratzean parte hartzeko dei egin du Bilboko Udalak, hildako emakumeen adiskideei eta senitartekoei babesa emateko eta indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko apustua egiteko.