Gizartea -

Auzi polemikoa

El Salvadorrek irtenbide legal bat eskaini du, Beatriz salbatzeko

Gobernuak erditzea eragitea eskaini dio 22 urteko gazteari, abortatu beharrean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Isabel Rodriguez El Salvadorreko Osasun ministroak legezko irtenbide bat eskaini dio Beatrizi, bizia salbatzeko. Hain zuzen ere, abortatu beharrean, erditzea eragitea eskaini dio.

Beatriz (izena ez da benetakoa) 22 urtekoa da, haurdun dago eta lupua eta giltzurruneko gaixotasun bat ditu. Hori dela eta, erditzean hiltzeko arriskua egon liteke. Gainera, fetuak ez du burmuinik, eta, jaio bezain laster, hil egingo da. Hala ere, El Savaldorreko Justiziak galarazi egin dio abortatzea.

El Salvadorren debekatuta dago haurdunaldia etetea, kasu guztietan, 1998. urtetik, eta abortatzen duten emakumeek 50 urte arteko espetxe zigorra jaso dezakete.

Auziak hunkitu egin du nazioartea, eta presio handia egiten ari dira El Salvadorreko Gobernuaren aurka, Beatrizen bizia salba dezan.

Giza Eskubideen Gorte Amerikarrak (IDH Gortea) Beatrizi abortu terapeutikoa egiten uztea agindu dio El Salvadorreko Gobernuari, baina horrek ez du erantzun oraindik.

IDH Gortearen erabakia historikoa da, abortu baten inguruan hartutako lehena baita, eta El Salvadorreko Justiziak Beatrizi ezarritako debekua baliogabe uzten du.

Latinoamerikan, bost herrialdetan dago debekatuta abortatzea: Nikaragua, Honduras, Dominikar Errepublika, Txile eta El Salvador.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea