Gizartea -
Protestak, Bilbon
Txurdinagako bizilagunek ez dute kontzerturik nahi auzoko parkean
Aste Nagusiko kontzertu handiek Europa Parkea "suntsitu" egingo duten beldur dira, eta erabaki horren kontrako protestak hasi dituzte.
Erredakzioa
Europa Parkea Aste Nagusiko kontzertuak egiteko egoitza aukeratu izanak haserrea piztu du Txurdinagako eta inguruko bizilagun askorengan eta erabaki horren kontrako protestak hasi dituzte.
Atzo (astelehena) 200 bat pertsona Europa Parkean bildu ziren protesta egin eta erabakiaren kontrako sinadura bilketarekin hasteko. "Ez dugu geure parkea hondatzerik nahi", adierazi zuten bertaratu zirenek.
Bilboko Jai Batzordeak (Udaleko, konpartsetako, gizarte eragileetako eta hiriko alderdi politikoetako kideek osatzen dute) Aste Nagusiko kontzertuak Europa Parkean egitea erabaki zuen ostegunean, Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak proposatuta.
Europa Parkeak 170.000 metro karratu ditu, eta Santutxu, Txurdinaga eta Otxarkoaga auzoen artean dago kokatuta. Txurdinagako kiroldegiaren inguruan dagoen 10.000 metro karratuko eremua aukeratu dute kontzertuak egiteko.
Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Udalean Bilduren zinegotzi denak erabakia berriz aztertzeko eskatuko die Udaleko ordezkariei.