Gizartea -

Protesta

Gutxienez 15 atxiloketa, Kongresuko 'setioa' hasi baino lehen

Plataforma batek arratsaldean Kongresuan "setioa jartzeko" deia egin du, eta Poliziak 1.400 agente izango ditu bertan.

Otsailaren 23an "Inguratu Kongresua" protestaren une bat. EFE
Otsailaren 23an "Inguratu Kongresua" protestaren une bat. EFE
Segurtasun zorrotza Kongresuan, 'setioa jartzeko' deia dela eta

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

En Pie plataformak gaur Diputatuen Kongresuan "setioa ezartzeko" deia egin du, Espainiako Gobernuak dimisioa eman, Gorteak desegin eta trantsizio prozesua abiatu arte.

Segurtasun Indarrek segurtasun eremu zorrotza ezarri dute, eta guztira 1.400 polizia bertaratuko dira Ganbera babestera.

Plataformak 17:00etarako deitu du protesta, eta hiru abiapuntu ezarri ditu (Puerta de Alcala, Emperador plaza eta Puerta del Sol), leku horietatik Kongresura joan eta "inguratzen" hasteko.

Diputatuek ez dute saiorik egingo gaur, baina plataformak eutsi egin dio deialdiari.

Protestaren sustatzaileek "segurtasun eremua zeharkatzeko" deia egin dute, Ganberaren atarira gerturatu ahal izateko.

Hori da, hain zuzen ere, deitzaileek euren webgunean jasotako aholkuetako bat, protestan jarraitu beharreko "estrategiaren" baitan. Txosten horretan, hainbat "defentsa taktika" azaldu dituzte, Poliziaren balizko kargetan erabiltzeko.

"Ez dugu erasorik onartuko gure oinarrizko eskubideen defentsa zilegiaren baitan", ohartarazi dute. Horregatik, "behar den uneetan defentsa zilegia" egiteko deia egin dute.

Poliziak protestariak sakabanatzen baditu, "hiri osoa" protesta-gune bihurtzea eta esku artean "zuziak" izatea eskatu dute.

Era berean, "bigarren mailako" beste hainbat ekintza egitea proposatu dute, hala nola "errepideak ixtea, itxialdiak egitea, higiezinen agientzien etxebizitzak okupatzea eta kutxazain automatikoak erabilezin uztea".

M-15 mugimenduak ez du bat egin

M-15 mugimenduari lotutako hainbat taldek ez dute bat egin protestarekin, En Pie plataformak indarkeria erabiltzeko deia egin duelako.

Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH) ere errefusatu egin du deialdian parte hartzea.

Barne Ministerioaren oharra

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Kongresua "bortxaezina" dela gogorarazi die protestaren sustatzaileei, eta Poliziak "indarkeria erabiltzeko deiei aurre" egingo diela ohartarazi du.

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak ikerketa abiatu du, deialdia delitu ote den ebazteko.

Gutxienez 15 atxiloketa

Kongresuko 'setioa' hasi baino lehen, Espainiako Poliziak gutxienez 15 pertsona atxilotu ditu, deialdi horren harira.

Lehen atxiloketak goizaldean egin dituzte, Madrilen: lau pertsona atzeman dituzte, suteak piztu nahi izatea leporatuta, Barne Ministerioak prentsa-ohar batean jakitera eman duenez.

Aipatu iturriak azaldu duenez, banketxe baten sukurtsala erretzera zihoazenean atxilotu dituzte ustez talde anarkistetako kideak diren lau lagunak. Era berean, zortzi bengala, lau petardo eta bi gasolina ontzi atzeman omen dizkiete.

Ondoren, Poliziak 11 pertsona atxilotu ditu Madrilgo Unibertsitatearen Zientzia Politikoen fakultatean. Barne Ministerioaren arabera, atzemandakoek makilak eta kaputxak zituzten, eta gehienak agenteei aurre egiteagatik hartu dituzte atxilo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea