Gizartea -
Eztanda Leioako campusean
Ostalaritza Eskolako leherketan zauritutako ikasleek hobera egin dute
Lau ikaslek Gurutzetako Ospitalean jarraitzen dute, baina litekeena da batzuek datozen orduetan senda-agiria jasotzea.
Erredakzioa
EHUren Leioako Ostalaritza Eskolan jazotako leherketan zauritutako bost ikasleetatik lauk Gurutzetako Ospitalean jarraitzen dute, baina hobera egin dute, ospitaleko iturriek jakinarazi dutenez.
Osasun iturrien arabera, O.H., 19 urteko mutil bat dago larrien, erredura handien unitatean ingresatuta jarraitzen du, baina bere osasun egoera ona da orohar. Sulfadiazina argentikoa, bakterioen kontrako tratamendu bat, ematen diote erredurak sendatzeko. Intubatuta dute, badaezpada, edema bat baitu lepoalde eta aurpegian.
O.B., 19 urteko beste mutila, ere tratamenduari ondo ari zaio erantzuten. Hala, datozen orduetan hobera egiten jarraitzen badu litekeena da senda-agiria jasotzea.
A.I.R. 24 urteko beste gizonezkoaren egoera ere ona da. Erredurak ongi ari zaizkio sendatzen eta datozen orduetan senda-agiria jaso dezake, ospitaleko iturriek adierazi dutenez.
Ezbeharrean zauritu zen 22 urteko neska, V.C., ere nabarmen ari da hobetzen.
Ikerketa
Leherketa asteazkenean 10:15ean jazo zen Leioako campuseko Ostalaritza Eskolan. Presio eltze industrial bat lehertu egin zen, eta Ostalaritzako Lehen Mailako bost ikasle zauritu ziren.
Zauritutako hiru, alegia, Baionako Ostalaritza Eskolakoak dira. Astelehenean heldu ziren Leioara, bertako eskola ezagutzeko.
Ezbeharra zerk eragin zuen ikertzen ari dira. Ez dago argi presio eltzea zergatik lehertu zen, segurtasun sistemak huts egin zuen edo lapikoa behar bezala itxi zuten argitu behar dute orain.