Gizartea -
EHU-ren campusean
Eztanda, Leioako Ostalaritza Eskolan; bost lagun zauritu dira
Gutxienez ikasle bat larri dago. Litekeena da lapiko industrial bat irekitzean jazo izana eztanda.
Erredakzioa
Bost ikasle zauritu dira, gutxienez bat larri, gaur goizean Leioako Ostalaritza Eskolan jazotako eztanda batean, Ertzaintzatik eitb.com-i baieztatu diotenez.
Leherketa 10:15ean jazo da, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) campusean dagoen Ostalaritza Eskolako sukalde batean.
Ordu horretan, presio eltze industrial bat lehertu egin da, eta Ostalaritzako Lehen Mailako bost ikasle zauritu dira, horietako bat larri, bigarren mailako erredurak egin baititu bizkarrean.
Zauritutako hiru, tartean larri dagoena, Baionako Ostalaritza Eskolakoak dira. Astelehenean heldu ziren Leioara, bertako eskola ezagutzeko.
Oraingoz ez dago argi presio eltzea zergatik lehertu den, baina, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailetik azaldu dutenez, litekeena da lapikoa irekitzean jazo izana eztanda.
Zauritutakoen egoera
Eztandan zauritu diren bost ikasleetako lau ospitaleratu egin dituzte.
Gurutzetako Ospitaletik jakinarazi dutenez, larriena, neskato bat, O.H. (19 urtekoa eta Baionako bizilaguna), Erredura Handien Unitatean dago. Erredurak ditu gorputzaren % 14an; buruan, enborrean eta ezkerreko besoan, hain zuzen ere.
O.B.T.-k (19 urtekoa) erredurak ditu gorputzaren % 8an. Lesio handienak enborrean eta eskuineko besoan ditu. Gelara eraman dute, gainerako bi zaurituekin egin bezala.
A.I.R.-k (24 urtekoa) erredurak ditu gorputzaren % 6an, enborrean batik bat, eta V.C.-k (22 urtrekoa), % 3an.
Uriarte: "Izua oso handia izan da"
Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburua eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea Gurutzetako Ospitalera bertaratu dira, zauritutakoen egoera ezagutzeko.
"Istripuak gertatu ohi dira, eta protokoloak daude edozein egoeratarako. Baina bai, izua oso handia izan da", esan du Uriartek, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan.
Uriartek txalotu egin du zauritutakoak azkar artatu dituztela.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak Uriarteri deitu dio, eta zauritutakoak "azkar osatzea" espero duela adierazi dio.