Gizartea -

Beste sute bat

Bermeon berpiztu den sute bat itzali dute suhiltzaileek

Sugarrek "tamaina handia hartu dute" eta suhiltzaileek eroritako eraikinen gunera bueltatu behar izan dute sua itzaltzera.

Bermeoko suteak hainbat eraikin suntsitu ditu. EFE
Bermeoko sutea. EFE
Eguraldi beroak sutea berpiztu du Bermeon

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suhiltzaileak Bermeora itzuli behar izan dute igande arratsaldean, berpiztu den sute bat itzaltzeko. Osteguneko suteak suntsitutako eraikinen gunean berpiztu da sua 17:00etan eta "sugarrek tamaina handia" hartu dute Segurtasun Sailak esan duenez.

Osteguneko suteak kaltetutako gunean berpiztu da sua; izan ere, bertatik oraindik ez dira hondakin guztiak kendu.

Babes Zibileko kideak zeuden bertan, baina sugarrek hartu duten altuera ikusita, suhiltzaileei deitu behar izan diete.

Gernikako suhiltzaileak bertaratu dira eta sua itzali dute. Sute berri honek ez ditu beste eraikinak kaltetu.

Laguntzen inguruko informazioa helarazten hasiko dira

Bestalde, Bermeoko Udala suteko kaltetutakoekin biltzen hasiko da astelehenean, diru-laguntzen eta euren etxebizitzen berritze lanen inguruko informazioa helarazteko.

Juan Maria Aburto Enplegu, Etxebizitza eta Gizarte Politiketako sailburua Bermeon egon da gaur eta Udaleko ordezkariekin (Bildu) batzartu da laguntza horien inguruan hitz egiteko.

Juan Carlos Agirre Bermeoko Zerbitzuen zinegotziak Efe agentziari esandakoaren arabera, oraindik ezin da diru-laguntzen kopurua zehaztu, kalteen inguruko kalkuluak oraindik egiteke daudelako.

Hala ere, Jaurlaritzak diru-laguntza emateko konpromisoa hartu duela azpimarratu du; oinarrizko beharretarako, hala nola arropa eta jakiak erosteko, kopuru finko bat emango dute, eta beste kopuru bat hirigintzako errekuperazio lanetarako.

Laguntza ofiziala horiez gain, Udalak kaltetutakoei laguntzeko bulego bat ireki du, herritarrei seguruekin eta tasazioekin lotutako dokumentazioarekin laguntzeko.

Zinegotziak esan duenez, polizia zientifikoak sua non eta nola sortu zen argitzea falta da; izan ere, horrek lotura du aseguruko primekin.

Dagoeneko, herriko alde zaharreko kaleak ireki dituzte "zero gunea" izan ezik, hau da, sugarren ondorioz erori diren eraikinen gunea.

Hondakinak kentzeko lanak ere amaitu dira eta soilik sua sortu zen tokikoak kentzea falta da. Hori dela eta, inguruko denda eta tabernek euren ateak ireki ahal izango dituzte poliki-poliki "normaltasunera itzultzeko", Agirrek esan duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea