Gizartea -
Sutearen ostean
Bermeok jada 750 tona hondakinen 'gehiengoa' jaso du
Hala ere, zonalde bat ezin izango dute oraindik garbitu Polizia Zientifikoa bertan lanean ari delako. Gurutze Gorriak bertan jarraitzen du kaltedunei babes psikologikoa eskaintzen.
Erredakzioa
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak esan duenez, hondakinen gehiengoa jaso dute jada larunbat arratsalderako.
Lan hauetan 15 bat dendetako eta tabernatako jabeak ari dira laguntzen, asmoa astelehenean kalea irekitzea delako. Hala ere, zonalde bat ezin izango dute oraindik garbitu Polizia Zientifikoa bertan lanean ari delako, sutearen jatorria argitzeko nahian.
Halaber, alkateak jakinarazi duenez, 49 laguni laguntza psikologikoa eman diete.
Gurutze Gorriak eta Babes Zibileko hainbat kidek Bermeon jarraitzen dute kaltedunei babes psikologikoa eskaintzen. Agirrek azpimarratu duenez, babes psikologikoa oso garrantzitsua da. "Kaltedunak dramaz ohartzen ari dira, eta txarto daude, ezer barik geratu direnak batez ere", azaldu du.
"Etxebizitza, arropa edo arreta eskaintzeko ahalegin handiak egin arren, normalean ez da nahikoa, dena galtzen denean duintasuna ere galtzen dela dirudielako. Gurutze Gorriaren lana zoragarria da", gaineratu du zinegotziak. Gainera, "auzokideek eskainitako laguntza" ere azpimarratu du.
Guztira, 35 familia geratu dira etxe barik. Horietatik zazpi udal etxebizitzetan sartu dituzte, eta datorren astean Aldundiak eskainitako etxeak emango dizkiete. Gainerako 22k hoteletan edo senitartekoen eta lagunen etxetan egin dute lo.
Telefono finkoa mugikorrera bideratuko du Telefonicak
Bermeoko suteagatik kaltetutako lagunak identifikatu ditu Telefonicak, eta telefono finkoa mugikorrera bideratuko die kaltetuei, inkomunikatuta egotea ekiditeko.
Banan-banan bezeroekin harremanetan jarri direla esan du enpresak, eta zerbitzua mugikorrera bideratu ahal izateko aukera eman diete.
Informazioa eta laguntza
Iñigo Urkullu lehendakaria Bermeon izan zen ostegun arratsaldean, eta kaltedunei larrialdiko laguntza sozialak emango dizkietela iragarri zuen. Halaber, ostiral arratsaldean, Etxebide programako 8 etxebizitza jarri ditu Bermeoko Udalaren eskura Jaurlaritzak. Berehala erabiltzeko moduan daude etxebizitzak, Jaurlaritzako iturriek azaldu dutenez, eta, ahal duten neurrian, etxebizitza gehiago bideratzen saiatu direla azaldu dute.
Gainera, Bizkaiko Aldundiak etxebizitzak utziko dizkie etxe gabe daudenei, doan eta aldi baterako, baina bertan "luze" egon ahal izan daitezen. Aldundiak azaldu duenez, izapideak bukatzen ari dira, San Martin auzoan 75 etxebizitza zeregin horretara bideratzeko.
Udalak informazio bulego bat ireki du, kaltedunek bertara jo dezaten, eta 688 848 035 eta 688 848 039 telefono zenbakiak jarri dizkie eskura. Aseguru-etxeek ere eurekin lehenbailehen harremanetan jartzeko deia egin dute.
Aseguru gehienek estaldura ematen dute etxebizitza bizitzeko egoki ez den kasuetarako, Javier Fernandez Aseguruen Enpresa Elkarteko (UNESPA) kideak azaldu duenez.
EAEn 854.000 etxebizitzak dute arrisku anitzetarako asegurua, eta horiek suteen aurkako estaldura ematen dute, baina kalte-ordainak ezberdinak dira kasuan kasu. Hori horrela, baliteke aseguru-etxearen laguntzak kalteak konpontzeko nahikoak ez izatea.
Sutea
Bermeoko sutea ostegun goizaldean piztu zen, 04:00etan hain zuzen ere, hutsik zegoen lau solairuko eraikin batean, Juan Nardiz kalean, eta ondoren beste hainbatetara hedatu zen. Guztira, 20 atari hustu zituzten, lau kaletan (Juan Nardiz, Erremedio, Nekazari eta Intxausti).
Itzaltze lanetan bost pertsona (hiru suhiltzaile, ertzain bat eta udaltzain bat) arin zauritu ziren, baina bertan artatu zituzten, eta ez zituzten ospitalera eraman behar izan.
Sugarrak nola hedatu ziren ikusita, "Alde Zahar osoa kiskaliko zela" uste izan zutela adierazi zuen Idurre Bideguren alkateak, eta bizilagunek "su bolak" ikusi zituztela azaldu zuten.