Gizartea -
Eustaten datuak
Ezkontzak Euskadin % 9 jaitsi ziren 2012ko hirugarren hiruhilekoan
Adinari dagokionez, ezkondu ziren gizonezkoan % 83,3k eta emakumezkoen % 69,5ek 30 urte baino gehiago zituzten, eta proportzio hori gorantz doa.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2.571 ezkontza izan ziren 2012ko uztailean, abuztuan eta irailean, aurreko urteko hiruhileko berean baino % 9,1 gutxiago. Arabarrek 376 ezkontza ospatu zituzten, gipuzkoarrek 825 eta bizkaitarrek 1.302, eta EAEtik kanpo biziko direnen kasuan, ezkontzak 68 izan ziren, Eustaten datuen arabera.
Bestalde, 2012ko hirugarren hiruhilekoan ezkontzen %61,5 zibilak izan ziren, aurreko urteko epe berean baino %3,7 gehiago. Era berean, proportzio hori 2012ko bigarren hiruhilekokoa baino txikiagoa da, aldi hartako ezkontzen %69,1 zibilak izan baitziren.
Ezkontideek eztei-egunean zuten adinari erreparatuta, senarren artean, %83,3k 30 urtetik gora zituzten, eta emazteen artean, berriz, %69,5ek. Aurreko urteko aldi beraren aldean, proportzioa bi sexuetan handitu zen: 2011an emakumeen %67,4k zeuzkaten 30 urte baino gehiago, eta gizonen artean %80,9.
Bestalde, 2012. urteko udako hilabeteetan zehar izandako ezkontzetan, gizonen %4,5 eta emakumeen %7,2 ez zuten espainiar nazionalitatea.
Ezkontzarik gehien (1.118) uztailean izan ziren, eta ondoren (1.110), irailean. Bestalde, aurrekoetan bezala, ezkontzarik gutxien (343) izandako udako hila abuztua izan zen, aurreko urteko hil beraren aldean %8,8 gutxiago.
Azkenik, 2012ko hirugarren hiruhilekoan izandako 2.571 ezkontzetan, bizilekua EAEn zuten 2.480 gizonezko eta 2.520 emakumezko ezkondu ziren.
Lehen ezkontza
Horietatik 2.262 senarrentzat (%91,2) lehen ezkontza izan zen, eta 18 alargun eta 200 dibortziatu berriro ezkondu ziren. Lehen ezkontza zuten emakumeen portzentajea gizonezkoena baino zertxobait altuagoa izan zen: aurretik ezkondu gabeko emakumeak 2.293 (%91) izan ziren, alargunak 9 eta dibortziatuak 218.