Gizartea -

Adierazpenak Twitterren

Toni Canto: 'Tratu txarren salaketa gehienak faltsuak dira'

UPyDko diputatuak egindako adierazpenak polemika handia piztu du sare sozialetan. Halaber, PP, PSOE eta IU alderdiek gogor kritikatu dituzte hitz horiek.

Toni Canto UPyDko diputatua Diputatuen Kongresuan (artxiboko irudia). Argazkia: UPyD
Toni Canto UPyDko diputatua Diputatuen Kongresuan (artxiboko irudia).
Toni Canto UPyDko diputatua Diputatuen Kongresuan (artxiboko irudia). Argazkia: UPyD

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Toni Canto UPyDko diputatuak astelehen honetan Twitterreko bere kontuan esan duenez, "emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko salaketa gehienak faltsuak dira". Adierazpen horiek polemika handia piztu dute sare sozialetan eta Espainiako gainerako alderdi politikoen artean.

"Emakumeen kontrako indarkeriarekin zerikusia duten salaketa gehienak faltsuak dira, eta fiskalek ez dute jarrera horiei aurre egiteko ezer ere egiten. Estatistikak okerrak dira", adierazi du Toni Cantok Twitterreko bere kontuan.

Beste iruzkin hau ere utzi du sare sozialeko bere kontuan: "Ba al zenekien Europar Batasunak 3.200 euro ordaintzen dituela tratu txarren salaketa bakoitzeko? 2004tik hona 2.080.000.000 euro jaso ditugu. Nork egingo lioke uko diru horri?".

Toni Cantoren adierazpen horiek eztabaida handia sortu dute Twitterren, eta trending topic izatera heldu da.

Gaiak izan duen oihartzuna ikusita, datu horiek Genero Legeen Kaltedunen Elkarteen Federazioak eman dizkiola adierazi du.

PSOE, IU eta PP alderdien kritikak

Toni Cantoren adierazpenen harira, hitz egiteko eskatu dio Elena Valenciano PSOEko idazkariordeak Rosa Diez UPyDko buruari. Gabriel Echavarri diputatu sozialistak, berriz, neurriak hartzeko eskatu dio Fiskaltzari.

Alberto Garzon Ezker Anitzako ekonomia bozeramaileak matxistatzat jo ditu Toni Cantoren hitzak, eta datu horiek populismoaren kutxatik atera izana egotzi dio. "Antza denez, UPyDko diputatuak % 33 eta % 9 nahasi ditu ", gaineratu du.

Carmen Rodriguez PPko diputatuak Toni Cantori galdegin dio adierazpenok egiteko estatistika fidagarriak erabili dituen edota, besterik gabe, "arinkeriaz" bota dituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea