Gizartea -
Zaldiki arrastoak
Ikeak haragi-bolak saltzeari utzi dio Espainian eta Suedian
Txekian eginiko ikerketa baten arabera, zaldiki arrastoak atzeman dituzte Ikeako haragi-bola ospetsuetan.
Erredakzioa
Ikeak haragi-bolak saltzeari utzi dio Espainian dituen denda guztietan, Txekian eginiko ikerketa baten emaitzak zaldiki arrastoak dituztela frogatu ostean.
Ohar batean konpainiak azaldu duenez, Txekiako agintariek eginiko analisien arabera, haragi-bolen sorta bakar bati eragiten die, baina Iberiar penintsulako Ikeak 17 dendetako haragi-bolak kentzea erabaki du "analisi berrien emaitzak eskuratu arte".
Goizean, Ikea kate suediarrak Suediako dendetan haragi bolak saltzeari utzi diola iragarri du, zaldiki arrastoak izan ditzaketela susmatuta.
"Gure haragi-boletan zaldiki arrastoak egon daitezkeela jakin dugu gaur, Txekian egindako froga baten arabera. Gure kontrol propioek ez dute horrelakorik erakutsi. Orain, auzia hobeto ikertuko dugu", diote ohar batean.
Bezeroekin duen "konpromisoari" heldu dio konpainiak behin-behinekoz haragi-bolak saltzeari uzteko; izan ere, oso arrakastatsuak dira Suedian.
"Gure bezeroak kezka ez daitezen, herrialde osoko gure haragi-bolak saltzeari utziko diogu behin-behinekoz".
Ikeak Europan dituen denda gehienetan saltzen dituen haragi-bolak Suitzako Dafgård haragi ekoizleak prestatzen ditu, nahiz eta herrialde batzuetan, Norvegian kasu, herriko bertako ekoizleei erosten dizkieten.
Hori dela eta, Norvegiako Ikeak berretsi du haragi-bolak saltzen jarraituko dutela. Suediako kateak ez du oraindik azaldu beste herrialdeetan neurri bera hartuko duen ala ez.
Zaldiki arrastoak daudela berretsiz gero, Suedian prestatutako jakietan atzematen den lehen kasua litzateke.