Gizartea -

Lanuzteak

Iberia desagertu egin liteke, Vuelingeko presidentearen hitzetan

Egoera ''hain da larria'', konpainia desagertzeko aukera ''onargarria'' ere badela, Josep Piqueren hitzetan. Iberiak 415 hegaldi bertan behera utzi ditu datorren asteko grebagatik

Iberiako zerbitzu minimoak 643 hegaldi bermatzen dituzte. Efe.
Iberiako zerbitzu minimoak 643 hegaldi bermatzen dituzte. Efe.
Iberiako zerbitzu minimoak 643 hegaldi bermatzen dituzte. Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josep Pique Vueling konpainiako presidentearen hitzetan, Iberiaren egoera ''hain da larria'', desagertzeko aukera ''onargarria'' ere badela.

Catalunya Radio irrati-katean egin dituen adierazpenetan azaldu duenez, egoerak Vueling enpresari ere eragiten dio, Iberia Vueling konpainiako akzioduna delako. ''Baina bere eskubide politikoak oso murriztuta dituen akzioduna da'', gaineratu du.

Otsailaren 18a eta 22a arteko 415 hegaldi bertan behera utzi ditu Iberiak, sindikatuek enpresaren berrantolaketaren aurka deitutako lehen bost greba egunen ondorioz, Iberiak bere webgunean iragarritakoaren arabera. Berrantolaketaren ondorioz, 3.807 langile kaleratuko dituzte.

Lurreko langileen eta kabinako tripulatzaileen sindikatuek 15 egunetan 24 orduko lanuzteak egitea erabaki dute. Lehen bost egunak datorren astean izango dira eta gainontzekoak martxoaren 4a eta 8a artean, eta martxoaren 18a eta 22a artean.

Otsailaren 18 tik, astelehena, 22ra, ostirala, 1.062 hegaldi aurreikusita daude eta horietatik 415 bertan behera geratu dira. Zerbitzu minimoek, berriz, 647 hegaldi bermatu dituzte.

Bertan behera geratutakoen artean, 19 distantzia handiko hegaldiak dira; 190 distantzia ertainekoak; eta, 206, nazionalak edo distantzia txikikoak.

Estatu barruko hegaldien % 54, bertan behera

Ohiko plangintza jarraitu eta aurreikusi bezala egingo diren hegaldien kopurua % 90 da distantzia handikoen kasuan, % 61 nazioarteko distantzia ertainekoen kasuan, eta % 46 Espainia barruan egiten direnen kasuan, Iberiak ohar batean aditzera emandakoaren arabera.

Hurrengo egunetan, Iberiak hurrengo lanuzteetako hegaldien zerrendaren berri emango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea