Gizartea -
Denboralea Nafarroan
NAFARROA: Normaltasuna errepide nagusietan eta 6 mendate itxita
Errepide sare nagusia irekita dago. 190 bidaiari zeramatzan tren bat lau orduz egon da harrapatuta Altsasun.
Erredakzioa
Normaltasuna da nagusi Nafarroako errepide sare nagusian, baina bigarren mailako errepide sareko sei mendate itxita daude, elurra dela-eta, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Iruñea eta Logroño arteko A-12 errepidea irekita dago, kamioi bat irauli ostean bi orduz itxita egon eta gero. Ezbeharra Lizarra eta Los Arcos artean gertatu da, elurraren ondorioz, baina zorionez ez da zauriturik izan. Goizean, A-12 autobidea ordubetez itxita egon da autoentzat eta bi orduz kamioientzat. Nafarroa EAErekin lotzen duten A-1, A-10 eta A-15 errepideetan, berriz, mozketa teknikoak egin behar izan dituzte eta neguko bideko segurtasunerako planaren baitan.
Iruñea eta Behobia arteko N-121-A errepidean ere arazoak izan dira, kamioi batek istripua izan duelako, eta zirkulazioa Doneztebetik bideratu behar izan dute. Bi ordu geroago egoera normaltasunera bueltatu da.
Bigarren mailako errepideetan sei mendate itxita daude eta beste hamar errepidetan kateak edo gurpil bereziak erabiltzea ezinbestekoa da.
190 bidaiari tren batean harrapatuta
Bestalde, 190 bidaiari zeramatzan tren bat lau orduz harrapatuta geratu da Altsasu parean, argindarrik gabe egon direlako.
Irun eta Gasteiz arteko ibilbidea egiten ari zen, baina, 09:00ak inguruan, Altsasura heltzean, argindarra joan da eta trena aurrera egin ezinik geratu da.
Elurraren ondorioz ezinezkoa izan da bidaiariak euren helmugara errepidez eramatea eta, ondorioz, trenean zain egon behar izan dute. Azkenean, 13:30ean, argindarrik behar ez duen makina batek atoian eraman du trena Gasteizeraino.