Etxegabetzeak -
BJKN-ren datuak
Egunean 1,73 etxegabetze egin dituzte hirugarren hiruhilekoan EAEn
Uztaila eta iraila bitartean 159 kaleratze zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan. Espainian egunean 132 etxegabetze egin dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Egunean 1,73 etxegabetze edo kaleratze egin dituzte 2016ko hirugarren hiruhilekoan Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) emandako datuen arabera. Guztira, 159 kaleratze zenbatu dituzte uztaila eta iraila bitartean, aurreko urteko epe berean baino % 32,3 gutxiago.
Halaber, 111 hipoteka exekutatu dira hirugarren hiruhilekoan EAEn, aurreko urteko epe berean baino % 23,4 gutxiago.
Bestalde, Espainian egunean 132 etxegabetze edo kaleratze egin dituzte 2016ko hirugarren hiruhilekoan.
Krisiak organo judizialetan duen eraginaz gaur aurkeztutako txostenaren arabera, kaleratzeek era guztietako higiezinei eragiten diete, ez bakarrik etxebizitzei. Aurtengo uztaila eta iraila bitartean, 12.148 kaleratze izan dira, iazko epe berean baino % 7,5 gutxiago (13.135 izan ziren iaz epe berean).
Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak azpimarratu duenez, 9.094 hipoteka exekutatu dira, 2007ko laugarren hiruhilekotik izandako exekuzio kopururik txikiena.
Kaleratze kopuruak autonomia erkidego guztietan egin du behera; Gaztela eta Leonen, Extremaduran, Galizian eta Madrilen salbu. Katalunia, Andaluzia, Valentzia eta Madril dira kaleratze gehien egin dituzten autonomia erkidegoak: 2.815, 1.956, 1.767 eta 1.333, hurrenez hurren. Are gehiago, hirugarren hiruhileko kaleratze guztien % 64,8 lau autonomia erkidego horietan egin dira.