Etxegabetzeak -
Bilera Bilbon
Mario Fernandez Kaleratzeak Stop Bizkaia plataformarekin bildu da
Kutxabanken eta bere kolektiboaren artean zegoen "harresia bota" dutelako zoriondu da plataformako bozeramailea. Bestalde, "lan bilera" izan dela esan du Kutxabankek.
Erredakzioa
Kaleratzeak Stop Bizkaia plataformako ordezkaritza bat hartu zuen Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak asteartean, elkarrizketari ekiteko eta etxegabetzeen konponbidean elkarri laguntzeko.
Bileran Fernandezek parte hartu zuen, eta Bilboko Kutxabankeko egoitzan egin zuten. Alderdi politikoekin eta finantza entitateekin bilera sorta egiten ari da Kaleratzeak Stop Bizkaia plataforma.
Bilera "jarrera eta giro onean" egin zutela azaldu du Maria Uriarte plataformako bozeramaileak.
Kutxabanken eta bere kolektiboaren artean zegoen "harresia bota" dutelako zoriondu da Uriarte. Finantza entitatearekin lan "gogorra, baina isila" egiteko borondatea azaldu du plataformako bozeramaileak.
Kutxabankekin izandako lehen hartu-emana "positiboa" izan dela uste du Kaleratzeak Stop Bizkaiko bozeramaileak.
Bestalde, "lan bilera" izan dela esan du Kutxabankek, baina xehetasun gehiagorik ez du eman, bankuko iturriek azaldu dutenez.