Etxegabetzeak -
Etxegabetzeak
Etxetik bota dituztenentzat pisuak jarriko ditu Jaurlaritzak
Juan Maria Aburtoren iritziz, alokairu sozialaren bidez sartzeko etxebizitza sare bat eratu behar da.
Erredakzioa
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak iragarri du etxeak galdu dituztenentzat alokairuzko etxebizitzak sustatuko dituztela eta Jaurlaritzaren etxeak eurentzat jarriko dituztela "inor etxerik gabe geldi ez dadin".
ETBko elkarrizketa batean esan duenez, "etxegabetzeen auzian bitartekari lanetan jarraitu behar da" eta alokairu sozialaren bitartez sartzeko etxebizitzen sare bat eratu behar dela uste du.
"Kultura arazo" bat dagoela uste du sailburuak; izan ere, etxebizitzen % 5 soilik daude alokairuan, eta horregatik, gazteek etxea izateko sistema hori sustatu behar dela dio, "eraikin berean, alokatzeko eta erosteko etxeak eginez, esaterako".
Bizkaian eta Gipuzkoan Jaurlaritzak etxe gutxi dituela eta hor "ahalegin guztia" egingo dutela esan du. Gasteizen, ordea, 700 pisuko "stocka" dutela adierazi du eta ez du baztertzen horietako batzuk salgai jartzea.
Bestalde, lan erreforma ez du "tresna positibotzat" hartzen, baina hala ere, ez du uste hori langabezia areagotzearen arrazoia denik, "nabarmen jaitsi den jarduera ekonomikoa baizik".