‘Soilik bai da bai’: Baimenaren definizio berri bat

ITXASO LEON KAREAGA - EITB MEDIA

Espainiako Estatuan indarrean sartuko den ‘Soilik bai da bai’ Legearekin atzean utzi nahi da ezezko baimena gako zuen eredua, fokua baimen horren existentzian ipintzeko.

Duela urte eta erdi, 2020ko martxoan, Ministroen Kontseiluak sexu-askatasunerako legearen aurreproiektua onartu zuen, ‘Solik bai da bai’ Lege gisa ezaguna. Beranduago, aurtengo uztailean, Espainiako Gobernuak proiektua onartu zuen, urrian izapidetuta, behe-ganberak PPk eta Voxek aurkeztutako osotasunerako zuzenketa atzera bota ostean. Duela gutxira arte, bortxaketatzat hartzen ziren indarkeria eta larderia bitarteko zituzten kasuak bakarrik. Lege berri honek, ordea, defendatzen du delitu horiek baimena ardatz hartuta arautu behar direla, horren “baiezko” irakurketa eginez, eta ez “ezezkoa”, orain arte bezala.

“Baimenaren definizio honek La Manada kasuko lehen auzialdian igorritakoa bezalako epaiak ekiditea du helburu.”

Hau da, baimena dagoela ulertuko da, kasuaren nondik norakoekin bat etorrita, pertsonaren borondatea argi azaltzen duten ekintzekin adierazi denean” (soilik bai da bai). Hala, baimenaren definizio honek La Manada kasuko lehen auzialdian igorritakoa bezalako epaiak ekiditea du helburu.

Arauak Kode Penala erreformatuko du, baimen argia gako izan dadin emakumeen aurkako sexu-delituak epaitzean, eta abusuaren eta sexu-erasoaren arteko bereizketa deuseztatzeko. Baiezko baimenean oinarritutako eredu hori Suezia edo Erresuma Batua bezalako herrialdeetan ere ezarri dute jada.

Jose Miguel Fernandez Lopez de Uralde abokatuak eta Clara Campoamor Elkarteko Euskadiko Ordezkariak azaldu duenez, legea indarrean sartzeak “osoko trataera juridiko berezitua suposatzen du sexu-indarkeriaren baitan”.

Tresna “bateratua” da, sexu-indarkeriaren aurka borrokatzeko, askotariko denbora eta moduetan. Denborari dagokionez, hori gertatu aurretik (prebentzioa, heziketa, formakuntza…) eta gerora arte (infrakzio-zigorra, biktimen susperraldia…); eta moduei dagokienez, diziplinarteko legea delako eta “inplikatutako eskumen guztiak barne hartzen dituelako”.

Era berean, azaldu duenez, praktikan suposatzen du “administrazioak inbertsioa egin behar duela sexu-indarkeriaren aurkako berariazko baliabide bereziak izateko”. Fernandezen aburuz, legearen alderdirik garrantzitsuena ez da “horren xedapen gehigarria bakarrik” (Kode Penalaren erreforma), “aurreko artikulu guztiak baizik”.

“Orain, “baimen hori existitu dela egiaztatu behar da”, beraz, “existentziaren presuntziotik existentzia ezaren presuntziora igaro gara”.”

Foku-aldaketa eta baimena

Kode Penalean bazen, aurretik ere, baimenaren gaineko fokua, baina “horren lekua aldatu dugu”. Lehen, garrantzitsuena zen erasotzaileak nola gainditu zuen baimen hori. Orain, ordea, “biktimak baimen hori emateko moduaren gainean dago argia”.

Abokatuaren ustetan, “juridikoki, erabat aldatu da baimenik egon den edo ez frogatzeko era, lehen bazela aurre suposatzen baitzen, eta horren haustura frogatu beharra zegoen”. Orain, “baimen hori existitu dela egiaztatu behar da”, beraz, “existentziaren presuntziotik existentzia ezaren presuntziora igaro gara”.

Biktimak bortxaketa bezala aitortu gabeko kasuetan aurre egin behar dituen prozesuak izan ditu hizpide Fernandezek, estigmaren zama bere gain hartuta. “Indarkeriarik eta larderiarik gabe bortxatutako emakumeak bigarren kategoriakotzat hartzen dira, bilatu izan balute eta mereziko balute bezala, gizon horrekin egon nahi ez dutela argi izan gabe: ziur erasotzailea nahastu zutela”.

Adibide gisa, El Último Duelo (2021) filmean Jacques Le Gris bortxatzaileak esaten dituen hitzak aipatu ditu Clara Campoamor elkarteko koordinatzaileak: “noski hasieran ezetz esan zuela, baina dama orok eman behar du ezezkoa, nahiz eta dakigun barru-barruan hala nahi duela”.