Krisi Ekonomikoa -

'Crucero' operazioa

Diaz Ferran Soto del Realeko kartzelan sartu dute

CEOEren presidente ohiari 30 milioi euroko bermea ezarri dio epaileak. Angel de Cabori, berriz, 50 milioi euroko bermea jarri dio, inoizko handiena.

Gerardo Diaz Ferran CEOE Espainiako enpresarien elkarteko presidente ohia. Argazkia: Efe
Gerardo Diaz Ferran CEOE Espainiako enpresarien elkarteko presidente ohia.
Diaz Ferranek 30 milioi euroko bermea ordaindu beharko du kartzelara ez joateko

01:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak kartzelara bidali du Gerardo Diaz Ferran CEOE Espainiako enpresarien elkarteko presidente ohia, 30 milioi euroko bermepean, 'Crucero' operazioaren baitan deklarazioa hartu eta gero.  23:30ean sartu dute Ferran Soto del Realeko kartzelan. Angel de Cabo ere, beste bost lagunekin batera, espetxe horretan dago, 50 milioi euroko bermepean. Orain arte Espainian ezarri den fidantzarik handiena da.

Diaz Ferrani bost delitu egotzi dizkiote

Epaitegiko iturriek jakitera eman dutenez, ordubetez deklaratu du CEOEren presidente ohiak, eta bost delitu egotzi dizkio epaileak. Velasco epailearen arabera, Diaz Ferranek kaudimen-gabeziaren itxurak egin zituen, Marsans enpresa eskualdatzerakoan Angel de Caborekin hilean 100.000 euroko soldata hitzartu arren (guztira 8 milioi euro).

Jarraian beste epaitegi batera eraman dute, Caja Madridek Air Comet aire-konpainiari emandako kreditu baten harira.

Guztira, 112 milioi euroko bermeak

Angel de Caborik ezarritako bermea inoiz ezarritako handiena da, eta Diaz Ferrani jarritakoa ere Espainian norbanako bati jarri zaion berme altuenen artean dago , Javier de la Rosari, Torras auziaren baitan, 1999an, jarritako 30 milioi euroko bermearekin batera.

Auzitegi Nazionaleko iturrien arabera, 'Crucero' operazioan atxilotutako bederatzi lagunetatik zortziri bermeak ezarri dizkie epaileak, eta, guztira, 112 milioi euro dira ordaindu beharrekoa. Atxilotuetako bat bakarrik geratu da aske.

Ondasunak ezkutatzea eta dirua zuritzea leporatuta

Diaz Ferran, De Cabo eta beste zazpi pertsona atxilotu zituzten iragan astelehenean ondasunak ezkutatzea eta dirua zuritzea leporatuta, eta denek deklaratu behar dute gaurkoan.

Atxiloketa, AC Hoteles, Melia, Pullmantur eta Orizonia taldeek jarritako kereila batekin lotuta dago. Gerardo Diaz Ferran eta Gonzalo Pascual (azken hau hilda dago) Marsans bidaia agentziako jabe ohien eta Angel de Cabo egungo jabearen aurka ondasunak ezkutatzeagatik jarri zuten salaketa. Enpresaren buru zeudenean kudeaketa txarra egitea egozten diete, baita dirua bidegabe hartzea ere. 40 milioi euro eskatzen dizkiete iruzurra egiteagatik eta ondasunak bahitzea ekiditeko ondasunak ezkutatzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea