Ekonomia -
Greba hezkuntza publikoan
Hezkuntzako sukaldariak eta garbitzaileak kalera bueltatu dira, hobekuntzak eta hitzarmena berritzea eskatzeko
Hezkuntzako sukaldari eta garbitzaileen % 70ek egin dute lanuztea bigarren greba egunean, sindikatuen esanetan, eta % 30,3k, Eusko Jaurlaritzaren arabera.
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat lan egiten duten 1.000 bat sukaldari eta garbitzaileen %70ek egin dute bat gaurko euren arloan deituta zegoen bigarren greba egunarekin, sindikatuen arabera. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, aldiz, jarraipena % 30,3koa da.
LABek, ELAk eta CCOOk deituta, goizean elkarretaratzeak egin dituzte "ehunka langilek" Hezkuntza Sailak hiru hiriburuetan dituen ordezkaritzen aurrean.
Atzo bezala, Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" izan direla salatu dute. Euren ustez, "greba eskubidea baldintzatu nahi izan du Jaurlaritzak". Saiakerak saiakera, sindikatuen esanetan, langileriaren gehiengo zabal batek egin du greba, langileen % 70ek.
Horien arabera, sukaldeetan erabatekoa izan da jarraipena, besteak beste, zentro hauetan: Gipuzkoan, Donostiako Ikasbide, Hernaniko Meabe, Urretxuko Gain Zuri, Oñatiko Rekalde eta Hondarribiko Talaia ikastetxeetan; Bizkaian, Bilboko San Ignazio, Balmasedako Mendia eta Karrantzako Concha ikastetxeetan, eta Araban, Gasteizko Gamarra, eta Araiako, Dulantziko eta Langraiz Okako eskola publikoetan.
Garbiketa alorrean, "jarraipena oso zabala" izan da, eta "erabatekoa" honakoetan: Donostiako Zubiri Manteon, Bergarako Ipintza eskolan, Zarauzko eta Elgoibarko eskoletan, Gasteizko Hizkuntza Eskolan eta Gasteizko Francisco de Vitoria ikastetxean.
Eusko Jaurlaritzak ez ditu oraindik jarraipen datuak jakinarazi, baina atzokoa % 35ekoa izan zela esan zuen.
Aldarrikapenak
Sindikatuek nabarmendu dutenez, hezkuntzako kolektiborik feminizatuena da sukaldari eta garbitzaileena, eta baita "lan-baldintza okerrenak dituena eta pribatizazioa gehien pairatzen duena" ere. Horiek salatutakoaren arabera, 2009tik ez dute hitzarmena berritu.
Besteak beste, honako aldarrikapenak dituzte beharginontzat: bazkaltiarren ratioak hobetzea jantokietan eta lan-zamak arintzea eta lan-orduak murriztea garbiketan. Gainera, plantilla gaztetzeko planak eskatu dituzte erretiroa aurreratzeko. Halaber, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, ordezkoen lan-baldintzak hobetzeko eta euskara, berdintasun eta osasun planak garatzeko eskatu dute.
Mahai sektorialaren hurrengo bilera otsailaren 11rako dago deituta, eta ordurako "etxeko lanak" egiteko deia egin diote Pedrosa sailburuari.