Ekonomia -
ENPRESAK
Epai zain gelditu da Glovo enpresaren aurkako makroepaiketa Gipuzkoan
Gizarte Segurantzak 410.587 euro eskatzen dizkio Glovo banaketa enpresari, langileak autonomo faltsuak direlakoan. Enpresak, bere aldetik, bere kontrako akusazio guztiak ukatu ditu.
EITB Media
Goizean hasi da Donostiako Justizia Jauregian Glovo banaketa enpresaren aurkako makroepaiketa, Gipuzkoan multinazionalaren aurka egiten den lehena, eta gaurko saioaren ostean epai zain gelditu da. Gizarte Segurantzak 410.587 euro eskatzen dizkio, hiru urtean 168 banatzaileren gizarte segurantzako kuotak ordaindu ez dituela leporatuta.
Gizarte Segurantzaren arabera, Glovok autonomo faltsuak baliatu ditu, horren ustez, soldatapeko langileak beharko luketenak ordezkatzeko. Zehazki, 2018ko urritik 2020ko abendura arteko zenbatekoak erreklamatzen dizkio, rider legea indarrean sartu aurreko epeari dagozkionak.
Glovo enpresa ez ezik, 168 banatzaile ere deituta zeuden, baina azkenean 50 inguru eseri dira akusatuen aulkian. Azken horiek LAB sindikatuak ordezkatu ditu.
168 banatzaileak autonomo faltsuak zirela ukatu du Glovok, eta lanari ezetz esateko aukera zutela gaineratu du. Gizarte Segurantzak, bere aldetik, frogatutzat eman du autonomo faltsuak zirela eta horregatik soldatapeko langileak izatea eskatu du.
Gipuzkoan Glovoren aurka egiten den lehen epaiketa da, baina aurretik Euskal Herrian izan dira horrelako gehiago. Bilbon eta Iruñean egin ziren bi epaiketatan, epaileek ebatzi zuten lan harremana zegoela enpresaren eta banatzaileen artean eta horiek kontratatzera behartu zituen. Isuna ere ordaindu zuen enpresak, baina banatzaileek salatu dute beren lan baldintzak ez direla hobetu.
Pasa den astean, Glovok iragarri zuen autonomo faltsuen eredua utzi eta soldatapeko banatzaileak kontratatuko dituela.
Oscar Pierre Glovoren sortzaile eta kontseilari delegatuak Bartzelonan banaketa enpresaren aurka egindako epaiketa batean azaldutakoaren arabera, banatzaileei lan-kontratuak egiteko erabakiaren helburua "auzitegietan eta Lan Ikuskaritzan eztabaidak saihestea" da.