Ekonomia -
Udalen zorra
Dagoeneko 24 udalek defizita dute Bizkaian
Guztira, 13 milioi euroko zorra dute. Hala ere, Bizkaiko udalen balantzea positiboa da, 222 milioi euroko irabaziak izan baitituzte 2011n.
Redacción
Juan Maria Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak udalen 2011. urteko likidazio datuak eman ditu gaur goizean. Prentsaurrekoan adierazi duenez, Bizkaiko 112 udaletatik 88k balantze positiboa izan dute, eta 235 milioi euroko soberakina; batez beste, ohiko diru-sarreren % 19.
Negatiboan itxi duten 24 udalen erdiek, berriz, ohiko diru-sarreren %10etik beherako defizita dute; 2,6 milioi eurokoa, guztira. Gainerako 12 udalen “egoera larriagoa” da, diru-sarreren % 10etik gorakoa baita horien defizita.
Bizkaiko udalek zorrak dituzte kreditu-erakundeekin, eta zor hori 177 milioi eurokoa da guztira; ohiko diru-sarreren % 13. Bizkaiko biztanle bakoitzeko 153 eurokoa da zorra, baina oso urrun dago Espainiar estatuko 605 euroko batez bestekotik.
Aburtok nabarmendu egin du Bizkaiko udalak egiten ari diren ahalegina, eta Bizkaiko Foru Aldundiak udalen egoera arintzeko jarri dituen neurriak aipatu ditu. Udalek Udalkutxa 2011 finantziazio-fondotik jasotako dirua itzultzeko erraztasunak izango dituzte, eta doitze plan ekonomikoa aurkezten duten udalek zorpetze muga handitu ahal izango dute.