Ekonomia -
Lan gatazka
Gipuzkoako garbiketa eta zabor bilketan deitutako greba mugagabea bertan behera utzi du ELAk, akordioa lortuta
Gaur egin duten negoziazio bileran, soldatak KPIaren arabera igotzea adostu dute, besteak beste. Txandakako kontratua luzatzea eta Geroa borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundera ekarpenak egitea ere itundu dute.
EITB MEDIA
Gipuzkoako garbiketa eta zabor bilketa sektorean akordioa lortu du ELA sindikatuak —% 60,78ko ordezkaritza du— patronalarekin. "Positibotzat" jo du ituna, eta "abenduaren 20ko greba mugagabe deialdiarekin egindako presioaren ondorio" dela azpimarratu.
Gaur egin duten negoziazio bileran, soldatak KPIaren arabera igotzea adostu dute, besteak beste. Txandakako kontratua luzatzea eta Geroa borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundera ekarpenak egitea ere itundu dute, "langileen baldintzak duintze aldera".
Era berean, lan kategoriak sortzea hitzartu dute, administrazioko langileen, teknikarien eta fabriketako beharginen kasuan, "guztiz feminizatuta dagoen sektore batek erabat maskulinizatua dagoen sektore horren barruan jasan duen diskriminazioarekin bukatzeko".
Hitzarmen berria 2026ra arte egongo da indarrean. Aurten, % 3,5 igoko dizkiete soldatak; 2024an, KPIa + 0,6 (baita 2025ean ere), eta 2026an, KPIa + 0,7.
Proposamena aztertu ostean, ELAk iragarri du bertan behera utziko duela abenduaren 20tik aurrera deitutako greba mugagabea. 1.500 langileri eragiten zien lanuzteak.
Akordioa bihar bertan itxiko dute Aselip eta Serbitzu S.L. patronalekin.