Ekonomia -
Turismoa Euskadin
Basquetour: "Hazi bai, baina Bilbo eta Donostia bezalako helmuga turistikoak arintzeko xedea dugu"
Basquetourren helburu nagusiak turismoa urte osora eta lurralde osora zabaltzea dira. Horrez gain, indarrak jarri nahi dituzte atzerriko bisitariak erakartzeko.
A.A.E. | EITB Media
Turismoak une gozoa bizi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guregana datozen kanpotarren kopuruak goranzko joera hartu zuen koronabirusak sortutako pandemiaren ondoren, eta hala jarraitzen du. Azken datu ofizialak uztailekoak dira. Urteko lehen zazpi hilabeteetan, 2,5 milioi bisitari jaso ditugu, iazko epe berean baino % 11,3 gehiago.
Igoera hori, ordea, "neurrizkoa" izaten ari dela nabarmendu du Daniel Solanak, Basquetourreko zuzendariak. Hain zuzen ere, hori da turismoa bultzatzeko erakundearen helburua: turista kopurua igo bai, baina ez edonola. Turismo jasangarri eta arduratsu bat bultzatzearen alde lanean ari direla azpimarratu du.
Alde batetik, bisitari guztiak udako hilabeteetan pilatu ordez, urteko sasoi guztietan erakartzeko lanean ari direla azaldu du. Horretara bideratutako ekintzak hasi dira fruituak ematen; izan ere, udan bisitari asko izan baditugu ere, iaz baino apur bat gutxiago etorri dira, eta hazkunde nabariena udaberrikoa izan da.
Horrez gain, bisitan datozenak, hiriburu eta kostako hainbat lekutan pilatu beharrean, lurralde osora eraman nahi dituzte. Solanaren hitzetan, "badugu horretarako nahikoa eskaintza: enoturismoa, ekoturismoa, gastronomia eta abar". Zentzu horretan, lurraldearen barruko bailara eta herrietan turisten etorrera gehiago nabaritu da aurten. Tolosako turismo bulegoan, esate baterako, maiatzean hasi ziren igoera bereziki nabaritzen, Olatz Ilarregi bertako arduradunaren hitzetan.
Tolosaldean asko dira bertako ostatuetan gaua pasatzen gelditu direnak, baina gehiago izaten dira egun-pasa etortzen direnak. Horietako asko, atzerritarrak batik bat, gastronomiak erakarrita joaten dira: bertako erretegi eta jatetxeetan otorduak egitera, txokolatearen museoa bisitatzera edota urtean zehar antolatzen dituzten azokak ikustera. Badira, ordea, arbasoen etxea ezagutu nahian bertaratzen direnak edo erosketa bereziren bat egin nahi izaten dutenak ere.
Turisten jatorria
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hartzen ditugun turista gehienak, neurri handi batean, Espainiatik etortzen dira. Alabaina, atzerritarren kopuruak nabarmen egin du gora azken hilabeteetan: % 19 urtarriletik uztailera bitartean. Frantzia da atzerritarren artean merkatu nagusia (turisten % 10 bertakoak dira), eta gero eta gehiago dira Alemaniako (% 3,7), AEBko (% 4,10), Erresuma Batuko (% 3,6) eta Asiako turistak ere.
Basquetourreko zuzendariaren aburuz, atzerritarren merkatuan lanean jarraitu behar da, "kalitatezko turismoa" delako, asko kontsumitzen dutelako, gastronomia lokaletan zein dendetan. Beraz, Basquetour Euskadi ezagutzera emateko kanpaina bereziak egiten ari da Korean, Txinan eta Latinoamerikan.