Krisi Ekonomikoa -
Lan-gatazka
Forondako aireportuko enpresek 'ixtera behartuta' daudela salatu dute
Abuztuaren 23tik aurrera indarrean jarriko duten ordutegi murriztuaren ondorioz aireportuko 140 langileetatik 122 lanik gabe geratuko dira.
Erredakzioa
Forondako Aireportuko Erabiltzaileen Batzordeak eskutitza bidali dio Aenako zuzendaritzari murriztutako ordutegitik kanpo lan egiteko baimena eskatzeko. Baimen hori lortu ezean, aireportuko enpresa guztiak ateak itxi beharko dituztela salatu dute.
Ordutegi berria abuztuaren 23an sartuko da indarrean. Ondorioz aireportua gauez bakarrik zabalduko dute eta horrek 140 langileetatik 122k lanpostua galtzea ekarriko du.
Langile horiez gain, ordutegi murrizketek eragina izango dute aireportuan lan egiten duten enpresetan. Hori dela eta, Aireportuko Erabiltzaileen Batzordean batuta, Aenako arduradunei eskutitza bidaltzea erabaki dute.
Idatzian aireportuaren jarduera nagusia zama–lanekin lotuta dagoela onartzen dute, baina horrez gain aireportua itxita dagoenean lan egiten duten enpresak ere badaudela azpimarratzen dute.
"Agerikoa da Aenak ez dituela enpresa horiek kontuan izan, ezta hartutako erabakiak izango dituen ondorioak ere", esaten dute idatzian.
Erabakia berriro aztertzeaHori guztia aintzat hartuta, Erabiltzaileen Batzordeak "ordutegi murriztutik" kanpo aritzeko aukera aztertzea eskatzen dute.
Halaber, ordutegia malguagoa izatea eta hegazkin komertzialei egun eta ordutegi murrizketarik gabe aritzeko aukera ematea eskatzen dute, irtetzeko edo lur-hartzeako baimenaren eskaera ordubete edo ordubete eta erdi arinago eginda.