Krisi Ekonomikoa -
Diputatuen Kongresuan
Rajoyk datorren astean iragarriko ditu murrizketa neurri berriak
Bestalde, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak iragarri du Espainiako Gobernuak Administrazio Orokorreko erosketa guztiak egiteko sistema bakarra sortuko duela.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak 30.000 milioi euro aurrezteko neurriak onartuko dituenik ez dakiela adierazi du gaur Elvira Rodriguez PPko diputatuak. Hala ere, Mariano Rajoy presidenteak murrizketa berri horiek "datorren astean" iragarriko dituela baieztatu du kazetarien aurrean.
Atzo, Espainiako Gobernuak 30.000 milioi euro aurrezteko plana prestatzen ari dela argitaratu zuen Reuters agentziak, baina Rodriguezek ez du murrizketa horiei esker aurreztuko duten kopururik zehaztu.
Hala ere, "egun gutxi barru" neurri horiek aurkeztu egingo dituztela baieztatu du. "Litekeena da presidenteak uztailaren 11an neurri horiek aurkeztea, Diputatuen Kongresuan". Ondoren, Rodriguezen hitzetan, Ministroen Kontseiluak murrizketak onartuko ditu, hilaren 13an.
Bestalde, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak iragarri du Espainiako Gobernuak Administrazio Orokorreko erosketa guztiak egiteko sistema bakarra sortuko duela.
"Datozen egunetan" Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean "aldaketa sakonak" egingo dituztela aurreratu du, bai Lege horretako egituran eta baita udalen funtzionamenduan ere.
Erosketak egiteko sistema bakar horren bitartez, aurrerantzean Estatuko Administrazio Orokorrerako erosketa guztiak egingo dituzte. Helburua, Espainiako Aurrekontuetan diru-kopuru "handia" aurreztea izango da, Saenz de Santamariaren hitzetan.