Krisi Ekonomikoa -
Ekaineko datuak
Langabezia hirugarrenez jarraian jaitsi da
EAEn, 2.828 lagun gutxiago daude langabezian (% 1,76 gutxiago). Nafarroan, % 1,49 jaitsi da langabezia.
Erredakzioa
4.615.269 lagun egon dira langabezian ekainean, aurreko hilean baino 98.853 gutxiago. Maiatzekoarekin alderatuta, % 2,1 jaitsi da langabezia-tasa, Enplegu Ministerioaren datuen arabera.
Hirugarren hilabetez egin du jarraian behera langabeziak eta historian ekainean erregistratu den jaitsiera handiena izan da. Espainian, urtez urteko datuak kontuan hartuta, 493.468 pertsona gehiago daude lanik gabe ( % 11,97).
Sektoreka, langabezia-tasak behera egin du sektore guztietan, nekazaritzan izan ezik (1.182 langabe gehiago; % 0,74 igo da). Sektore hauetan nabaritu dute gehien langabeziaren beherakada: zerbitzuak (52.654 langabe gutxiago; % 1,88ko beherakada), eraikuntza (17.124 langabe gutxiago; % 2,15eko beherakada) eta industria (9.970 langabe gutxiago; % 1,85eko beherakada).
EAEn, % 1,76 egin du behera
Ekaineko datuen arabera, EAEn 2.828 lagun gutxiago daude langabezian. Guztira, 158.080 pertsona zenbatu dituzte lanik gabe. Joan den hileko datuekin alderatuta, % 1,76 egin du behera kopuru horrek. Urtez urteko datuak kontuan hartuta, berriz, 13.666 pertsona gehiago zenbatu dituzte ekainean langabezian, iaz baino % 9,46 gehiago.
Gipuzkoan jaitsi da gehien kopurua, 1.211 pertsonak aurkitu baitute lana. Bizkaian, 1.190 langabe gutxiago daude, eta Araban, 427 gutxiago.
Nafarroan, % 1,49 jaitsi da
Nafarroan 736 pertsona gutxiago zenbatu dituzte langabezian; % 1,49 egin du behera, maiatzeko datuekin alderatuz gero. Guztira, 48.813 pertsona daude lanik gabe.
Espainiako Gobernuko Enplegu Ministerioak gaur emandako datuen arabera, urtez urteko datuak kontuan hartuta, langabezia % 17,06 (7.113 pertsona) igo da Nafarroan.