Ekonomia -

Giza-eskubideak

Bi pertsona atxilotu dituzte Nafarroan lan-esplotaziora bideratutako gizakien salerosketa egotzita

Biktimetako batzuk karabana batean bizi ziren, argirik, urik eta komunik gabe, lan egiten zuten lursailean, atera ezinda.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak bi gizonezko atxilotu ditu lan-esplotaziora bideratutako gizakien salerosketagatik eta langileen eskubideen aurkako delituagatik. Nafarroan biktimak gutxienez sei direla egiaztatu dute, baina Errioxan eta beste erkidego batzuetan gehiago omen daude.

Sei biktimetako hiru karabana batean bizi ziren, argirik, urik eta komunik gabe, lan egiten zuten lursailean, atera ezinda, ezta medikuarenera joateko ere, min izanez gero. Atxilotuetako batek langileei esaten zien ezin zutela bertatik atera egoera irregularrean zeudelako, eta kamerak zituzten langileen egunerokoa zelatatzeko.

Gainera, enpresariek ez zuten dokumenturik, fakturarik edo erregistro libururik, lan-jarduera guztia dokumenturik gabe egiten zuten, ezkutuan, eta horrek zaildu egin du ikerketa.

Azkenean, Badajozen, Errioxan eta Nafarroan bertan egindako ikerketari esker, 38 eta 41 urteko bi gizonezko atxilotu, eta epailearen esku utzi zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Lana Delituak Gizartea Ekonomia