Krisi Ekonomikoa -

Eurostaten datuak

Europar Batasuneko langabezia-tasa altuena du berriz ere Espainiak

Maiatzeko datuen arabera, Eurogunean langabezia % 11,1ekoa da eta Europar Batasunean % 10,3koa. Langabezia tasarik altuena Espainian eta Grezian eman da berriz ere.

INEMeko bulego bat. EFE
INEMeko bulego bat. EFE
INEMeko bulego bat. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabeziak gora egiten jarraitu du maiatzean Eurogunean eta % 11,1ra iritsi da. Europar Batasunean ere igo egin da eta % 10,3n dago, Eurostat Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoaren arabera.

Aurreko hilarekin alderatuta hamarren bat igo da kopurua bai eurogunean, baita Europar Batasunean ere, eta Eurostat agentzia estatistika hauek egiten hasi zenetik kopururik altuenak dira.

Denera 17,5 milioi lagun daude langabezian Eurogunean eta 24,8 milioi EBn.

Iazko urtean, ordea, eurogunean langabezia % 10ekoa zen eta EBn % 9,5ekoa.

Espainiak du, berriz ere, langabezia-tasarik altuena: % 24,6 (aurreko hilean baino hiru hamarren altuagoa). Espainiarekin batera, Greziak du maiatzeko langabezia-tasarik altuena (% 21,9).

Kopururik txikienak, ordea, Austrian (% 4,1), Herbehereetan (% 5,1), Luxenburgon (% 5,4) eta Alemanian (% 5,6) daude.

Gazteen arteko langabeziari dagokionez, eta 25 urtetik beherakoak kontuan hartuta, langabezia-tasa maiatzean % 22,6koa izan da Eurogunean eta % 22,7koa Europar Batasunean. Herrialdeka, Grezia eta Espainia aipatu behar dira, gazteen arteko langabezia % 52,1koa baita. Tasarik txikiena, berriz, Alemanian (% 7,9), Austrian (% 8,3) eta Herbehereetan (% 9,2) dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea