Ekonomia -
'Martxa beltza'
Asturiasko eta Leongo meatzariak elkarrekin jada, Madrilera bidean
La Roblan (Leon) egin dute bat bi martxek, eta, han, ehunka pertsonaren babesa jaso dute. Elkarrekin iritsiko dira Madrilera, uztailaren 11n, manifestazio erraldoia egiteko.
Erredakzioa
Asturiasko eta Leongo meatzarien martxek bat egin dute astelehen honetan La Roblan (Leonen), handik, Madrilera elkarrekin abiatzeko.
La Roblan, ehunka lagunen babesa jaso ondoren, meatzari baten eskutitza irakurri dute. Harrotasunez aurrera egiteko eta amore ez emateko eskatu die lankideei testu horretan. "Meatzariak gara, etorkizunera begira gauden langile zintzoak'', idatzi du eskutitza bukatzeko, eta, ondoren, 'Santa Barbara bendita' meatzarien himnoa abestu dute.
Astearte honetan, elkarrekin abiatuko dute berriz Madrilerako martxa. Han, joan den ostiralean Andorratik (Teruel) abiatutako meatzarien beste martxa batekin egingo dute bat uztailaren 11n, eta, elkarrekin, manifestazioa erraldoia egiteko asmoa dute.
Manifestazioa horretan, meatzaritzari zuzendutako laguntzak berriz ezartzea eskatuko diote Gobernuari, Estatuko Aurrekontu Orokorretan % 60 jaitsi baitituzte laguntzok. Murrizketen kontra protesta egiteko, greba orokorra abiatu zuten maiatzaren 30ean.
Meatzaritzaren sektorean 8.000 lanpostu zuzen daude, eta, zeharka, beste 25.000 enplegu sortzen ditu.