Ekonomia -
2022ko datuak
EAEko etxebizitzen prezioa % 2,5 igo zen iaz, metro koadroko 2.932 euroraino
Nafarroan, ordea, zertxobait merkatu dira etxebizitzak, eta metro koadroko 1.750 euroan dago batezbestekoa. Balearren eta Madrilen atzetik, EAEn daude etxebizitza garestienak.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzen salmenta prezioa % 2,5 garestitu da 2022an, aurreko urteko prezioarekin alderatuta, eta metro koadroa 2.932 euroan dago. Nafarroan, aldiz, apur bat merkatu da, metro koadroa 1.768 eurotik (2021eko prezioa) 1.750 eurora igaro baita.
Erregistratzaileen Elkargoak emandako datuak dira denak. Zenbakiok agerian utzi dute EAEko etxebizitzen prezio altua. Izan ere, Espainiako Estatu osoan etxebizitza garestienak dituen 3. erkidegoa da EAE, Balearren eta Madrilen atzetik. Espainiako Estatuan, metro karratua, batez beste, 1.944 euroan dago (% 6,7 hazi da).
Eraikuntza garaiari dagokionez, etxebizitza berrien batez besteko prezioa 3.318 eurokoa da metro koadroko —2021ean, 3.039 eurokoa zen—. Batezbesteko horrek Madrilgo datua gainditu du beste behin, eta Balearretan dituzte garestienak, metro koadroko 3.470 euroan. Ifrentzuan, behera egin dute prezioek Foru Erkidegoan, duela bi urte metro koadroaren prezioa 1.955 eurokoa izatetik 1.933 eurokoa izatera igarota.
Bigarren eskuko etxebizitzari dagokionez, EAEn gora egin dute horiek ere, gutxi bada ere: metro koadroko 2.833 eurokoa izatetik 2.859 eurokoa izatera igaro da. Nafarroan, aldiz, behera egin dute, gutxi izan bada ere; metro koadroko 1.685 eurotik 1.682 eurora.
Elkargoak nabarmendu duenez, 2022ko laugarren hiruhilekoan nabarmen egin du behera etxebizitzen salerosketak. EAEn % 14,1 jaitsi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta Nafarroan, % 6,4. Interes tasen igoera, inflazioa eta finantzazioaren garestitzea aipatu ditu horren arrazoi modura.