Ekonomia -
Pentsioak
Pentsiodunek 1.080 eurora arteko igoera berehala egiteko eskatu dute
Gainera, mobilizazio aste bat prestatzen ari omen dira martxorako, Bilbon hilabete horretako 18an egingo duten manifestazioari begira.
agentziak | eitb media
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak "gezurrezko informazioarekin jendea ez nahasteko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta igo ditzala gutxieneko pentsioak, 14 ordainketatan, 1.080 eurora arte "berehala".
Prentsa-ohar batean, Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen gobernuari eskatu diote Espainiakoari eska diezaiola gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea, hau da, 1.080 eurora igotzea.
Gainera, martxorako mobilizazio aste bat prestatzen ari direla jakinarazi dute, Bilbon hilabete horretako 18an egingo duten manifestazioari begira.
Kolektiboak salatu du Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan pentsiodunei egokitzen zaien 1.013 euroko ordaina aldarrikatzen duten "1.080 euroetatik urrun" geratzen dela, DSBEa urtean 12 ordainketa direlako, eta ez 14, "Gizarte Segurantzaren ia pentsio guztiak bezala".
1.013 euro 12 ordainketatan eman edo 1.080 euro 14tan eman oso desberdina dela adierazi dute, ia 3.000 euroko aldea dagoelako urtean, eta hori oso alde handia dela prezioen "gorakada izugarri honekin".
Bestalde, begi onez jo dute lanbide arteko gutxieneko soldata 1.080 eurora igotzeko Espainiako Gobernuak hartu duen erabakia, nahiz eta kolektiboak 1.200 eurora igotzea eskatzen duen.