Ekonomia -
Heriotza
Nicolas Redondo Urbieta buruzagi sindikal historikoa hil da
Barakaldarra 95 urte zituela hil da bart. UGTko idazkari nagusia izan zen ia 20 urtez (1976tik 1994ra) eta baita PSOEren Bizkaiko diputatua ere.
EITB Media
Nicolas Redondo Urbieta bi hamarkadaz UGT sindikatuaren idazkari nagusi ohia zendu da bart Madrilen, sindikatuak jakinarazi duenez.
Ohar batean, heriotza deitoratu du UGTk eta urtez luzez "langileen eskubideen, enpleguaren eta Espainiako gizartearen berdintasunaren alde egindako borroka" nabarmendu. Haren hil-kapera sindikatuaren egoitza nagusian, Madrilen, paratuko dute, eta 14:00etatik aurrera bisitatu ahalko da.
Redondo Urbieta Barakaldon (Bizkaia) jaio zen 1927an. Jaioberria zela galdu zuen ama. Aitarengandik jaso zuen, bestalde, klase kontzientzia, baita politikoa ere. Izan ere, Nicolas Redondo Blanco Labe Garaietako langile, PSOEko kide eta UGTko militante izan zen. Gerra Zibilaren ostean heriotzera kondenatu zuten aita, baina azkenean 30 urteko kartzela zigorrarekin konmutatu zioten.
10 urte baino ez zituela, La Habana ontzian Frantziara eraman zuten Redondo Urbieta haurra, gerrako beste ehunka umerekin batera. Bordelen, espainiar jatorriko familia batek hartu zuen harreran, harik eta 1940an Euskadira itzuli zen arte. 1942an hasi zen Sestaoko Navalen lanean, eta hiru urte geroago afiliatu zen UGTn eta PSOEn.
UGTren arabera, Redondo "Espainiako sindikalgintzako ezinbesteko ikur izan zen frankismo garaian, trantsizioan eta baita demokrazian ere". Gogorarazi duenez, diktadura garaian 14 aldiz atxilotu eta auzipetu zuten, bere ekintza sindikal eta politikoak tarteko.
1976ko apirilaren 18an aukeratu zuten UGTko idazkari nagusi, eta ia 20 urtez eutsi zion Idazkaritzari. 1994an Candido Mendezi eman zion lekukoa.
UGTko buruzagi gisa, hainbat itun izenpetu zituen patronalarekin eta Espainiako Gobernuarekin. Aipatzekoak dira, besteak beste, Moncloako itunak (1977) edota 1984ko Akordio Ekonomiko eta Soziala.
Nicolas Redondo Terreros PSE-EEko buruzagiaren aita, Redondo Urbieta garaiko euskal sozialismoaren aurpegietako bat izan zen, eta PSOEren XXVI. Kongresuan (1974an Suresnes, Frantzian, egindakoa) artean gazte zen Felipe Gonzalez aupatu zuen Idazkaritza Nagusira. PSOEko diputatu gisa ere jardun zuen 1977an, 1979an, 1982an eta 1986an (1987an bere eserlekuari muzin egin zion, gobernu sozialistaren aurrekontuen kontra bozkatu ostean).
1986tik aurrera, baina, kaskartzen joan zen UGTren eta Felipe Gonzalezen gobernuaren arteko harremana. Urte horretan bertan, Espainia NATOn sartzearen kontra azaldu zen UGTko buruzagia. Hartu-emanen tenkatzearen gorena 1988an heldu zen, UGTk eta CCOOk elkarrekin deitutako greba orokorrarekin.
1994an UGTren Idazkaritza utzi zuen eta bizitza publikotik erretiratu zen.
Heriotza ezagututa, herrenkadan etorri dira dolumin eta esker oneko hitzak.
Hil-kapera
Redondoren hil-kapera 14:00etatik aurrera zabalduko dute Amerika etorbideko 25. zenbakian dagoen eraikineko ekitaldi-aretoan. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea gaur arratsaldean izango da bertan, 17:40 aldera.
Redondoren hileta bihar izango da, urtarrilak 5, Almudenako Hilerri Zibilean, 12:30ak aldera. Hileta-segizioa 12:00ak aldera abiatuko da UGTren egoitzatik hilerrira.