Ekonomia -
Lan eskaintza publikoa
Arabako eta Gipuzkoako suhiltzaile izateko bitarteko hautagaien % 95ek ez dute azterketa gainditu
ESKk uste du deialdia "irregulartasun juridikoz beteta" egon zela. ELAk zehaztu du behin-behineko suhiltzaile "gehienak" plazarik gabe gera daitezkeela.
EITB Media
Gipuzkoako eta Arabako suhiltzaileen lehen Lan Eskaintza Publiko (LEP) bateratuko hautagaien % 75ek ez dute azterketa gainditu. Azterketak polemika sortu du, izan ere, bitarteko suhiltzaileen % 95ek ez dute lehen proba hori gainditu, eta kritikatu dute azterketa-eredua ez dagoela egokituta lanpostua baloratzeko.
Lehen aldia da Arkautiko Akademiak Gipuzkoako eta Arabako 114 plaza betetzeko proba bateratua egin duela.
Ezagutza- eta gaitasun-probak Irunen (Gipuzkoa) egin ziren, eta aurkeztu ziren 1.170 pertsonetatik 287k gainditu dituzte azterketak, hau da, % 24,5ek; horietatik 269 gizonezkoak dira, eta 18 emakumezkoak. Horiek Arabako Foru Aldundiak eskainitako 46 plazak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako 68 plazak lortzeko hautaketa-prozesuarekin aurrera jarraituko dute.
Hautaketa-prozesuko hurrengo probak nortasunari buruzkoak eta fisikoak izango dira. Bi kanporaketak gainditu dituztenek derrigorrezko aldi akademikoa bete beharko dute. Aldi hori ere ebaluatuko da, eta, ondoren, hautatutakoek praktikak egingo dituzte.
LEP hori gainditu duten, baina plazarik lortzen ez duten hautagaiak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aldi baterako lan-poltsan sartuko dira, Arabako eta Gipuzkoako parkeetako lanpostu hutsuneak betetzeko eta ordezkapenak egiteko.
ESKk uste du deialdia "irregulartasun juridikoz beteta" egon zela, eta EAEko erakundeei eskatu die Arkautiko Akademiak "suhiltzaileen LEP bat berriro ez antolatzeko, gai horretan trebea ez dela erakutsi duelako".
ELAk zehaztu du behin-behineko suhiltzaile "gehienak" plazarik gabe gera daitezkeela, eta hori LEParen proben diseinuarekin lotu du, oraingoan ez baitute aldundiek antolatu, Arkautiko Akademiak baizik.